Zer tratatzen dugun

1928an sortu zenez geroztik, Onkologikoa Fundazioa (Onkologikoa) minbizia bere modalitate eta lokalizazio desberdinetan ikertu, prebenitu, diagnostikatu eta tratatzeko sortu, egokitu eta diseinatu den zentro bat izan da.

Betidanik gure ezaugarri nagusia izan da pazienteak ongi sentiarazteko jarri dugun gogo berezia, gaixotasun onkologiko bat izateak dituen ezaugarriak kontuan izanik, eta gaixotasun horri tratamendu integrala ematea, honako hauek barne hartuz: onkologiako ezagutza aurreratuenak erabiltzea, laguntza integral fisiko, psikiko eta emozionala ematea pazienteari eta bere familiari, eta erakundeak eta langileek gure pazienteekin duten harremanean tratu bihozberagoa eta hurbilekoa ematea.

Alderdi tekniko eta zientifikoari dagokionez, Onkologikoak ia bere potentzial guztia minbiziaren tratamendura bideratzen du, eta hori era koordinatuan egiten du Diagnostiko eta Tratamendu Unitateen bitartez, izan ere, diziplina arteko abordatzea bultzatzen baitute, ebidentzia zientifikoan oinarritua, eta protokolo eta teknika diagnostiko eta terapeutikoen etengabeko hobekuntza ahalbidetzen dute.

Gainera, Terapia Aurreratuen Unitatetik, zentro ikertzailea den heinean, Onkologikoak, saiakuntza klinikoen barruan, tratamendu berritzaileak jartzen ditu pazienteen eskura, bestela pazienteen eskura egongo ez liratekeenak.

Lokalizazioen eta paziente-bolumenaren arabera, beheranzko ordenari jarraituz, honako hauek tratatzen ditugu: larruazaleko tumoreak (melanoma gaiztoa salbu), bularreko tumoreak, goiko eta beheko aparatu digestiboko tumoreak, gizonen aparatu genitaleko tumoreak (ohikoena prostatako minbizia izanik), tumore ginekologikoak, birikako tumoreak, esfera otorrinolaringologikokoak eta maxilo-fazialekoak, tiroide-guruineko tumoreak eta melanomak.

Kopuru txikiagoan, gizonen eta emakumeen gernu-sistemako tumoreen, Hodgkin eta Ez Hodgkin motako linfomen, lokalizazio desberdinetako sarkomen azterketa eta tratamendua egiten da, eta Nerbio Sistema Zentraleko tumoreen tratamendu erradiokirurgikoa.

Onkologikoaren zerbitzu-zorrotik kanpo geratzen dira nerbio-sistema zentraleko, begi- eta orbita-sistemako eta sistema kardiozirkulatorio zentraleko tumoreen tratamendu kirurgikoa, baita ez linfoma diren minbizi hematologikoak, adibidez leuzemiak edo sindrome mielodisplasikoak. Kirurgikoki tratatzeko zintzilikario libre mikrobaskularizatuen edo mikrokirurgikoen bidezko berregite konplexuak behar dituzten tumoreak ere tratamendutik kanpo geratzen dira gure zentroan.

Paziente onkologikoaren tratamendu integrala egiteko helburua lortzeko, unitate klinikoei laguntzeko unitateak ditugu, beren jarduera pazientearen bizi-kalitate fisikoa eta psikologikoa hobetzera bideratzen dutena, barne-medikuntzako espezialistek egindako tratamendu medikoen, psikologoek eta psikiatrek Pazienteari eta Familiari Laguntzeko Unitatean emandako tratamendu psikikoaren, eta Anestesiologia Zerbitzuaren mende dagoen Minaren Unitatean egiten den min onkologikoaren tratamenduaren bitartez.