Urologia Unitatea

Sarrera

Zer da minbizia?

Portaera kliniko eta ebolutibo desberdinak baina ezaugarri komunak dituzten gaixotasunen multzo bat da.
Minbizi guztiak zeluletan hasten dira, hau da, organismoaren oinarrizko bizi-unitateetan. Duten hazkundean edo zatiketan modu kontrolatu gabean aldatzen direnean, masa edo tumore bat garatzen dute. Fenomeno hori non gertatzen den kontuan izanda, minbizi hori izan daiteke: bularrekoa, kolonekoa, prostatakoa, birikakoa, eta abar.
Gerta liteke masa-efekturik ez egotea, adibidez odoleko edo linfa-sistemako minbizia: Leuzemiak, Linfomak, Mielomak, eta abar.
Minbizi batek organismoaren beste lokalizazio batzuk inbaditzeko ahalmena du, hasierako fokuaren aldameneko edota urruneko egiturak: metastasia.
Ohikoena ez den arren, pertsona berak bi tumore desberdin edo gehiago izan ditzake.
Minbizien ehuneko txiki bat hereditariotzat jotzen da.

Diagnostiko eta Tratamendu Unitateen komenigarritasuna

Minbizia oso gaixotasun konplexua denez, azterketa, diagnostiko eta tratamendu egokiak egiteko espezialitate desberdinetako mediku eta erizainen konplizitatea behar du, baita pazienteari eta familiari babesa emateko unitateak ere.

Zer egiten du Diagnostiko eta Tratamendu Unitate batek?

Ospitalera iristen diren minbizi espezifiko baten paziente berri guztiak aztertzen dituen espezialista-talde bat da. Astero biltzen da, eta kasu bakoitzerako egokiena den estrategia diagnostiko eta terapeutikoa planifikatzen du.
Gainera, tratamendu desberdinak planifikatzen ditu: kirurgikoa, kimioterapikoa, erradioterapikoa, eta abar, ahalik eta modurik azkarrenean.
Bestalde, bigarren iritzia eskatzeko kontsulta batetik datozen minbizi mota horren kasuak aztertzen eta informatzen ditu, eta eskaera egin duten pertsonekin elkarrizketa egiten du.
Protokolo terapeutikoa aldizka berrikusten eta eguneratzen du, eta tumore motari lotutako aktualitateko gaiak azaltzen ditu.

Deskribapena eta minbizi motak

Diziplina anitzeko unitate honetan, zentroko zerbitzu medikoek tratatuko dituzten Gernubideetako Minbizi kasu berri guztiak aztertzen dira.

Prostatako, maskuriko, giltzurruneko, barrabileko eta zakileko tumoreak dituzten pazienteen azterketa pertsonalizatua egiten da. Unitate honetan tumore urologikoen berezko diagnostiko- eta tratamendu-protokoloak egiten eta onartzen dira, erradioterapia eta kimioterapia modu desberdinak emateko.

Giltzurrun-zeluletako minbizia

Odolean edo pelbisean dauden hondakinak garbitzeaz arduratzen den giltzurrun-ehunean eratzen dena da, pelbisa bi giltzurrunen irteeran gernua biltzen duen organoa izanik.

Pelbis eta Ureterreko zelula trantsizionaletako minbizia

Gernubideetan sortutako neoplasia, ohiko tratamenduarekin hobekuntzarik ez duen bizkarreko minarekin hasten da, edo bestela gernuan odola agertzen denean. Antiinflamatorioen administrazio kronikoari, tabakoari edota lan-ingurunean substantzia kimiko jakin batzuekiko esposizioari lotuta dago.

Zakileko minbizia

Zakilaren estaldura epitelialean sortzen da, hala kanpoko azaleko zonan nola barneko mukosan. Zakilaren zonaren batean sendatzen ez den ultzerazio bat agertzen denean diagnostikatzen da. Giza papilomaren birusarengatiko infekzioaren eta zakileko minbiziaren agerpenaren artean lotura argia dago.

Prostatako minbizia

Gizonen ugaltze-aparatuko guruin bat da prostata, maskuriaren (gernua biltzen eta botatzen duen organoa) azpian eta ondestearen aurrean kokatuta dagoena. Batez ere adin nagusiko gizonek izaten dute, honako ezaugarri hauekin: pixa egiteko arazoak, pixa askotan egiten dute baina oso kantitate txikia, pixa egiterakoan mina, edo sexu-arazoak.

Diagnostikoa berresten da susmo klinikoaren, PSAko (antigeno prostatiko espezifikoa) analitikaren eta ehun susmagarriaren biopsiaren bitartez . Tumore mota horretarako tratamendu desberdinak daude, baina batez ere kanpoko erradioterapia konbentzionala edo brakiterapiako inplanteak edo kirurgia erabiltzen dira, azken hori abordatze transuretralarekin edo kanpoko abordatzearekin kasu erradikaletan.

Barrabileko minbizia

Barrabileko minbizi gehienak zelula germinaletan (espermatozoideak egiten dituzten zelulak) hasten dira sortzen, eta barrabileko zelula germinaletako tumore deritze. Gizonezko gazte edo adin ertainekoetan ohikoagoak dira, barrabilean koskor bat atera zaielako edo barrabil bat edo biak handitu zaizkielako eta mina ematen dietelako kontsulta egiten dutenean. Funtsezko tratamendua kimioterapia da, eta sendatze-tasa handiak lortzen dira. Zure espezialistak aholku emango dizu aldez aurreko neurriak har ditzazun, tratamenduaren ondoren izan daitekeen antzutasuna saihesteko.

Maskuriko minbizia

Maskuriko (gernua biltzen duen organoa) ehunetan eratzen den minbizia da. Maskuriko minbizi gehienak trantsizioko zelulen kartzinomak dira (normalki maskuriaren barneko estaldura eratzen duten zeluletan hasten den minbizia). Beste mota batzuek zelula ezkatadunen kartzinoma eta adenokartzinoma barne hartzen dituzte.

Maskuriko minbizi gehienak paziente erretzaileengan sortzen dira, eta esan daiteke tabakismoarekin lotuta dagoen neoplasia bat dela, laringeko edo birikako minbizia bezala. Pixa egiterakoan zailtasuna edo mina dagoenean espezialistaren kontsultara joan direlako diagnostikatzen da. Tratamendua tumorearen fasearen araberakoa da, eta tratatzen da teknika endoskopikoekin (kimioterapia intrabesikalarekin edo gabe) edo kirurgia mugatuekin hasierako faseetan, edo bestela kirurgiako, erradioterapiako eta kimioterapiako protokoloekin fase aurreratuetan.

Diagnostiko Erradiologikoa

Gernubideen ekografia, OTA, RMN, zistouretrografia eta kontraste endobenosoko urografia ditugu. Kasu aurreratuetan beharrezkoa da OTAri asoziatutako positroien emisio bidezko tomografia erabiltzea (PET-OTA).

RMNren kasuan, RMN metabolikoak egiten dira bobina endorrektalarekin, diagnostikoaren edo jarraipenaren prozesua hobetzeko.

Diagnostiko anatomopatologikoa

Anatomia Patologikoko Zerbitzuak gernubideen edozein tumore-ehunen diagnostiko mikroskopiko, immunohistokimiko eta genetikorako teknikarik egokienak erabiltzen ditu. Zenbaitetan laguntza erradiologikoa behar da ziztada ekogidatuen edo OTA bidez gidatutako ziztaden bitartez laginak hartzeko.

Kasu bakoitza Unitatean aztertzen da eta tratamendu-proposamen bat egiten da. Behin pazienteak eta familiak onartu ondoren, tratamendua ahalik eta denbora-eperik laburrenean hasteko prozesuari ematen zaio hasiera.

Erradioterapia

Kanpoko erradioterapia konbentzionala

Intentsitate Modulatuko Tomoterapia eta Erradioterapia (IMRT)

Dosi-tasa baxuko Brakiterapia (Inplante iraunkorrak)

Urologia Unitatea Espainian aitzindaria da prostatako minbizirako Brakiterapiaren aplikazioan. Brakiterapia, prostataren barruan erradioaktibitatez kargatutako haziak ipintzen dituen prozedura da. Hazi bakoitza titaniozko kapsula bat da, 1 mm-ko diametroa eta 5 mm-ko luzera duena, eta barnean isotopo erradioaktibo bat dauka. Tratamendu bakoitzean prostatan 80 eta 140 bitarteko hazi kopuru bat ipintzen da modu iraunkorrean, eta erradiazio kontrolatuko dosi bat deskargatzen dute, tumore-zelulak suntsituz eta hurbileko ehun osasuntsuetan eragin nahi ez diren alboko efektu oso-oso gutxi sortuz.

Dosi-tasa altuko Brakiterapia (HDR)

Tasa baxukoaren antzeko moduan egiten dira inplanteak, baina kasu espezifikoetan aplikatzen da hedadura lokalaren arabera.

Gernubideen kirurgia

Maskuriko minbiziaren tratamendu erradikala kanpoko deribaziorik gabe

Prostatektomia erradikala

Mainz-en ureterosigmoidostomia destubulizatua

Laser CO2 kirurgia

Tratamendu Medikoa

Kimioterapiak sekulako garrantzia du barrabil-neoplasien tratamenduan. Batez ere platinotik eratorritako agenteekin egiten da, normalki Zisplatinoarekin.

Gernubideetako tumore aurreratuen kasuan, batez ere prostatikoetan eta giltzurrunetakoetan, beharrezkoa da kimioterapia-tratamenduak ematea, zeinetan azkenaldian aldaketa asko egiten ari diren protokoloetan botika berriak sartzen ari direlako, adibidez Tirosinkinasaren inhibitzaileak, aho bidez hartzen direnak.

Prostatako minbizia askotan goiz detekta daiteke PSAren odol-determinazioarekin, hobe ondeste-ukipen batekin eginez gero, prostata-guruina justu ondestearen aurrean kokatuta dagoelako, eta horrela, prostatan loditasun gogorra (zurkara) duten areak ote dauden ikus daiteke, horiek askotan minbizia dagoela adierazten baitute. Proba horiek urtero egiten badira, errutinaz, eta emaitzetakoren bat anormala bada, minbizia egoera goiztiarrean diagnostikatzeko aukera dago.

Bestalde, pixa egiterakoan mina edo zailtasuna badago, odola agertzen bada pixan edo semenean, analgesikoekin arintzen ez den bizkarreko mina badago, edo barrabileko mina edo inflamazioa, edo sendatzen ez diren zauriak edo ultzerak zakilaren edo eskrotoaren azalean, familiako medikura joan behar da, eta hark baloratuko du pazientea urologiako espezialista batengana bideratu behar den ala ez.

  • Osakidetzara bideratzea
  • Bigarren iritzia eskatzeko kontsultak
  • Aseguru pribatuetako pazienteak
Lehen kontsulta Onkologikoan
  • Azterketa osatzea
  • Laborategia
  • Anatomia
  • Erradiologia
  • Endoskopia Urologikoa
Urologiako Unitate Funtzionala
Tratamendua
Urologiako Unitate Funtzionalaren berrebaluazioa

Zeintzuk dira gernubideetako edo prostatako kartzinoma bat izateko arrisku-faktoreak?

Gernubideetako minbizia tabakismoari, antiinflamatorioen erabilera kronikoari eta industria- edo sanitate-erabilerako substantzia kimiko jakin batzuekiko esposizioari lotuta dago.

Prostatako minbizia ohikoagoa da familiako aurrekariak dituzten pazienteengan edo aldez aurretik prostatako neoplasia intraepitelial bat izan dutenengan.

Barrabileko minbiziari dagokionez, kriptorkidia (barrabil bat ez jaistea) edo familiako aurrekariak dira arrisku-faktorerik ezagunenak.

Giza Papilomaren Birusarengatiko infekzioa zakileko minbiziaren agerpenari lotuta dago.

Zeintzuk dira gernubideetako minbizi baten hasierako sintomak?

Hasierako sintomek honako hauek barne har ditzakete: pixa egiterakoan mina edo zailtasuna, odola agertzea pixan edo semenean, analgesikoekin arintzen ez den bizkarreko mina, barrabileko mina edo inflamazioa, edo sendatzen ez diren zauriak edo ultzerak zakilaren edo eskrotoaren azalean.

Nola tratatzen da prostatako minbizia Onkologikoan?

Onkologikoak prostatako minbizia tratatzeko modu posible guztiak ditu eskura. Batere inbaditzaileak ez diren kirurgia transuretraletatik kanpoko abordatzeetara, eta kanpoko erradioterapia, Brakiterapia edo hazi prostatikoen inplanteak eta botiketan eta kimioterapian eta hormonoterapian izan diren azken aurrerapenen erabilera tumore aurreratuentzat.

Noiz da gomendagarria Brakiterapia erabiltzea prostatako minbizian?

Brakiterapia tratamendu azkarra da, eraginkorra, zeharkako efektu gutxi dituena eta tumoreak hasiera faseetan (prostatatik kanpo hedatu gabe eta hazkunde azeleratu gabearekin) dituzten pazienteentzat gomendagarria. Gainera ezin dute lehendik operatuta egon, eta ez dute prostata handiegirik eduki behar. Hainbat kasutan teknika modu errazagoan egiten da eta tratamendua eraginkorragoa izan ohi da.

Nola ematen da Brakiterapiako tratamendua?

Lehenik eta behin prostataren bolumenaren azterketa bat egiten da ondeste atzeko ekografia baten bitartez; ondoren, eta eredu bolumetriko horren arabera, Fisika medikoko ekipoak hazi erradioaktiboen inplantea planifikatzen du, tumore-zonan beharrezko dosia emateko alboko zona osasuntsuak babestuz, bereziki maskuria, uretra, ondestea eta prostataren alboko nerbioak. Azkenik, inplantea egun bakarrez ospitaleratuz osatzen da, pazientea sedatuta eta anestesia epiduralarekin. Haziak plangintzako koordenatuen eta sakontasunaren arabera sartzen dira. Dena denbora errealean kontrolatzen da ekografia eta erradioskopia bidez. Zistoskopia batekin ziurtatzen da maskurian eta uretran hazirik ez dagoela. Inplantearen osteko erradiografiak baliagarriak dira plangintza-ekipoak hazien posizioa egiaztatzeko.

Prostatako minbizian brakiterapiako tratamenduak behin betiko sendatzen al du?

Bai.

Brakiterapiako tratamenduak prostatako minbiziaren tratamendu kirurgikoa ordezten al du?

Indikazioen arabera Brakiterapia egokia bada, ez da beharrezkoa izango kirurgia egitea.

Denbora-epe bat igaro ondoren haziak kendu egin behar al dira?

Ez, organismoan geratzen dira betiko, inolako konplikaziorik gabe.

Zer konplikazio ditu hazien Brakiterapiak prostatako minbizian?

Ia bakar bat ere ez, ez du inoiz inkontinentziarik eragiten, eta oso kasu gutxitan eragiten du inpotentzia.

Onkologikoak ba al du esperientziarik prostatako minbiziaren Brakiterapiako tratamenduan?

Urte asko daramatzagu teknika hori aplikatzen eta, ondorioz, paziente kopuru handi bati eman zaio tratamendu hori.