Txekeoak eta prebentzio-azterketak

Minbizia lehen mailako arazoa da, aurreikuspenen arabera hiru gizonetik bati eta lau emakumetik bati eragingo dielako bizitzan zehar.

Sendatze-tasak eta biziraute orokorreko datuak gero eta sendoagoak eta esanguratsuagoak dira, baina aldi berean, kasuen kopuru osoa eta tumoreen intzidentzia-tasak gorantz ari dira, poliki-poliki. Hori hala da, neurri batean, biztanleria gero eta zaharragoa delako (minbiziaren maiztasuna adinarekin batera handitzen da), baina beste zenbait kausa ere badaude tartean benetako intzidentzia handiagoa izatea justifikatzen dutenak, arrisku-faktoreen eraginpean denbora luzeagoz egotea adibidez.

Kasu berrien agerpenari dagokionez aipatzekoa da gure artean, prostatako, birikako, koloneko eta maskuriko minbiziak direla gizonen artean intzidentzia handiena dutenak. Emakumeei dagokienez, bularetako minbizia da, zalantzarik gabe, gehien errepikatze dena, eta jarraian koloneko eta ondesteko tumore digestiboak eta tumore ginekologikoak.

Oro har, eta bi sexuak aintzat hartuta, koloneko eta ondesteko minbizia da ohikoena, eta 65 urtetik 75 urtera bitarteko adin-tartean agertzen dira kasu gehien, minbizi mota guztiak kontuan hartuta.

Azken batean, minbizia hitzaren barruan gaixotasun multzo zabala hartzen da, berrehun gaixotasun baino gehiago, zeluletako mutazio edo alterazio genetikoen kopuru zehaztugabe baten ondorioz garatzen direnak.

Zeluletako alterazio horietako gutxi batzuk baino ez dira aurrejoera genetiko edo hereditario baten ondorio izaten, eta minbizien % 75-80an kanpo-agenteak dira giza organismoan horrelako alterazioak eragiten dituztenak.

Neurri batean, pertsonen portaerak, bakarkakoak zein taldekakoak, aldatu egin ditzake kanpo-agente, arrisku-faktore edo agente kartzinogeno horiek. Hortaz, ohitura toxiko edo kutsagarrien, gizarte- eta aisia-ohitura eta jokabideen, lan-baldintzen, industria- edo ingurumen-jardueren aurrean eta abar zer jarrera edo zer erabaki hartzen dugun, tumore jakin batzueen eragina handiagoa edo txikiagoa izatea baldintzatuko dugu neurri batean.

Baldintza horiek guztiek eta oraindik behar bezala ezagutzen ez diren beste batzuek esplika dezakete zer dela-eta batzuetan tumoreek denbora luzea behar izaten duten klinikoki agertzeko, edota zergatik urteek aurrera egin ahala tumore bat izateko arriskua handiagoa den.

Lehen Mailako Prebentzioa, Bizimodu Osasuntsua sustatuz eta arrisku-faktoreak ahal den neurrian saihestuz, eta Bigarren Mailako Prebentzioa, Diagnostiko Goiztiarreko Azterketak eginez eta alerta-zantzuei behar bezalako arreta eskainiz, horiexek dira gure osasuna babesteko eta minbizi-mota batzuk saihesteko eskura ditugun tresnarik onenak.

Hona hemen gomendio batzuk ildo horretan:

  • Ez erre.
  • Mugatu alkohol-kontsumoa.
  • Jan frutak, barazkiak eta zerealak
  • Saihestu obesitatea.
  • Egin ariketa fisikoa.
  • Kontuz ibili eguzkiarekin.
  • Saihestu substantzia kantzerigenoak
  • B hepatitisaren aurkako txertoa jarri.
  • Gomendatu honako hauen detekzio goiztiarra:
    • Utero-lepoko minbizia (emakumeak, 25 urtetik aurrera)
    • Bularreko minbizia (emakumeak, 40-50 urtetik aurrera)
    • Koloneko eta ondesteko minbizia (gizon-emakumeak, 50 urtetik aurrera).

ALERTA ZANTZURIK BADUZU, KONTSULTATU MEDIKUARI

Koskorren bat nabari baduzu, edota orbaintzen ez zaizun zauri bat (ahokoak barne), itxura, tamainaz edo kolorez aldatzen den orin bat edo ezohiko odol-galeraren bat atzematen baduzu.

Ondoez etengabeak badituzu, hala nola eztul edo erlastura iraunkorrak, hesteetako edo gernuko alterazioak edo ezohiko pisu-galera.

Onkologiko berria zentro monografikoa da, minbiziaren tratamendu eta diagnostikoan aitzindaria baina minbiziaren prebentzioan ere betidanik inplikatua. Oraingoan Osasun-azterketen eskaintza berritu du, baita minbiziaren detekzio goiztiarrerako baliabideak berritu ere, beharrezkotzat jotzen duten gizona eta emakume guztiek azterketa hori egiteko aukera izan dezaten.