Saiakuntza klinikoak

Zer da saiakuntza kliniko bat?
Saiakuntza klinikoa medikuntzan erabilitako metodologia da. Ohikoa baino hobea dirudien tratamendu bat edo diagnostiko-metodo bat benetan hobea dela egiaztatzeko balio du saiakuntza klinikoak.

Zer alde on ditu saiakuntza kliniko batean parte hartzeak?
Minbiziaren tratamendua arrakastatsua izaten da kasu gehienetan. Alabaina, oraindik galdera asko daude erantzuteko, eta dauden tratamenduak ez dira nahikoak izaten hainbat pazienteren egoera arintzeko. Minbiziaren aurkako borrokan orain arte lortu den guztia eta etorkizunean lortuko den guztia saiakuntza klinikoetan oinarritzen da.
Saiakuntza kliniko batean parte hartzeak bi onura nagusi dakartza berekin: batetik, onura zuzena, hau da, gaur egun indarrean dagoena baino hobea izan litekeen tratamendu bat jasotzea, saiakuntza klinikotik kanpo gaixoari eman ezin zaiona; bestetik, begien bistako onura, hau da, etorkizunean gaixotasun hori izan dezaketen pazienteentzako tratamendua hobetzeko lagungarri izatea.

Segurua al da saiakuntza kliniko batean parte hartzea?
Pazienteei eskaini aurretik, saiakuntza klinikoei kontrol zorrotzak egiten zaizkie, kontrolen egokitasuna zaintzeaz arduratzen den batzorde etiko batek gainbegiratuta.
Nolanahi ere, saiakuntza kliniko batean sartu aurretik, zure mediku taldeak informazio zabala eskainiko dizu horren inguruan, eta ziurtatuko du, baimen informatu bat sinatuz, saiakuntzaren nondik norako eta xehetasun guztiak ulertu dituzula.

Kezkatu behar al dut saiakuntza kliniko batean parte hartzeko eskaintza jasotzen badut?
Ez . Saiakuntza klinikoak ez dira soilik gaixotasunaren egoera larrienetan edo aurreratuenetan egiten, gaixotasunaren eremu guztietan baizik. Berez, saiakuntza kliniko batean parte hartzeko hautagaia izateak ez du esan nahi, inondik inora, pronostikoa txarra denik.

Nor izan daiteke saiakuntza kliniko baten onuradun?
Saiakuntza guztietan sartzeko, irizpide zorrotzak bete behar dira, hau da, ezaugarri jakin batzuk biltzen dituzten pazienteei bakarrik egin dakieke saiakuntzetan parte hartzeko eskaintza. Mediku taldeak jakinaraziko dizu une oro saiakuntza batean parte hartzeko hautagaia zaren edo ez.

Onkologikoan uste osoa dugu ikerketa klinikoa bikaintasunaren bermea dela gure pazienteen zaintzari dagokionez. Horregatik, ahal den guztietan, saiakuntza kliniko batean parte hartzeko aukera eskainiko dizugu.

Onkologikoaren saiakuntza klinikoen egungo eskaintza:
Zuk parte hartzeko moduko saiakuntzarik ba ote dagoen jakiteko, zure arloko erreferentziazko espezialistarekin ordua eskatzea duzu onena. Iritzi-kontsulta bat egiteaz gain, gure zentroan saiakuntzak egiteko dauden aukeren berri emango dizugu, eta, hala badagokio, hurbileko zentroei buruzko informazioa ere eskainiko dizugu, baldin eta zuk parte hartzeko moduko bestelako saiakuntzak antolatzen badituzte.

Jarraian, zenbait alorretan irekitako saiakuntzen laburpen moduko bat eskainiko dizugu. Legezko arrazoiak direla-eta, orri honetan ezin dizugu saiakuntza bakoitzari buruzko informazio zabala eskaini. Atsegin handiz hartuko zaitugu aurrez aurre horien guztien berri emateko.