Pazientearen eta familiaren euskarria

Sarrera

Zer da minbizia?

Portaera kliniko eta ebolutibo desberdinak baina ezaugarri komunak dituzten gaixotasunen multzo bat da.
Minbizi guztiak zeluletan hasten dira, hau da, organismoaren oinarrizko bizi-unitateetan. Duten hazkundean edo zatiketan modu kontrolatu gabean aldatzen direnean, masa edo tumore bat garatzen dute. Fenomeno hori non gertatzen den kontuan izanda, minbizi hori izan daiteke: bularrekoa, kolonekoa, prostatakoa, birikakoa, eta abar.
Gerta liteke masa-efekturik ez egotea, adibidez odoleko edo linfa-sistemako minbizia: Leuzemiak, Linfomak, Mielomak, eta abar.
Minbizi batek organismoaren beste lokalizazio batzuk inbaditzeko ahalmena du, hasierako fokuaren aldameneko edota urruneko egiturak: metastasia.
Ohikoena ez den arren, pertsona berak bi tumore desberdin edo gehiago izan ditzake.
Minbizien ehuneko txiki bat hereditariotzat jotzen da.

Diagnostiko eta Tratamendu Unitateen komenigarritasuna

Minbizia oso gaixotasun konplexua denez, azterketa, diagnostiko eta tratamendu egokiak egiteko espezialitate desberdinetako mediku eta erizainen konplizitatea behar du, baita pazienteari eta familiari babesa emateko unitateak ere.

Zer egiten du Diagnostiko eta Tratamendu Unitate batek?

Ospitalera iristen diren minbizi espezifiko baten paziente berri guztiak aztertzen dituen espezialista-talde bat da. Astero biltzen da, eta kasu bakoitzerako egokiena den estrategia diagnostiko eta terapeutikoa planifikatzen du.
Gainera, tratamendu desberdinak planifikatzen ditu: kirurgikoa, kimioterapikoa, erradioterapikoa, eta abar, ahalik eta modurik azkarrenean.
Bestalde, bigarren iritzia eskatzeko kontsulta batetik datozen minbizi mota horren kasuak aztertzen eta informatzen ditu, eta eskaera egin duten pertsonekin elkarrizketa egiten du.
Protokolo terapeutikoa aldizka berrikusten eta eguneratzen du, eta tumore motari lotutako aktualitateko gaiak azaltzen ditu.

Deskribapena

Minbizi aurreratua duten pazienteei euskarri-tratamendua emateko Diziplina anitzeko Unitatea. Pazientearentzako eta haren familiarentzako tratamendu integrala lortzeko premia guztiei erantzuten die, biologiarekin, psikologiarekin, lanarekin, gizartearekin eta familiarekin zerikusia duten alderdi guztiak aintzat hartuz.

Paziente onkologikoek premia fisiko eta psikologiko jakin batzuk eduki ditzakete beren gaixotasunaren bilakaeran, eta horiei guztiei behar bezala erantzun behar zaie. Horri esker, pazientearen bizi-kalitatea hobetu egingo da, gaixotasuna hobeto eramango du sufrimendua arintzearekin batera, familiarekiko harremana ere hobetuko da, jarduera eta erosotasun pertsonala eta familiarra hobetuko dira, eta abar.

Horregatik, euskarriko edo etengabeko zaintzak gaixotasunaren bilakaera-prozesu osoan zehar aplikatu behar dira, prozesuaren etapa guztietan, baita pazientearen bizitza luzatzeko aplikatu beharreko kimioterapia- edo erradioterapia-tratamenduekin batera ere, gaixotasunaren fase aurreratuetan garrantzi handiagoa hartzen dutelarik.

 

 

Sintoma fisikoen kontrolaz arduratzen da Unitatea, baita pazientearen eta familiaren psikologia- eta gizarte-alderdiaz ere .

Jarduera honen osagarri diren beste zenbait zerbitzurekin dihardu elkarlanean, hala nola Minaren Unitatearekin eta Fisioterapiarekin

Beste asistentzia-maila batzuekin ere koordinatu nahi du, hala nola Etxeko Ospitalizazioarekin, kronikoentzako aringarrien unitateekin, zentro soziosanitarioekin eta abar, eta kasu bakoitzean erantzunik onena bilatzen du paziente bakoitzari jarraipenik eta tratamendurik onena eskaintzeko.

​Pazienteak tratatu ohi dituzten espezialistek adieraziko dute noiz komeni den euskarri-tratamendu bat ematea.

Lan-sistematika

Unitateko kide guztiok egunean behin biltzen gara erizaintzako, Onkologiako eta Farmaziako kideekin, eta ospitaleratutako pazienteen bilakaera baloratzen dugu bilera horretan, baita paziente horien premia pertsonal eta familiarrak ere.

Asistentzia-jarduera zenbait eremutan egiten da

Ospitalizazioa

Barne Medikuntzako medikuek, Onkologiako espezialistekin elkarlanean, gaixotasunaren bilakaeran ageri diren arazoei erantzuten diete: desorekatze akutuak, jasotako tratamendu onkologikoekin sortutako konplikazioak eta abar. Gaixotasun onkologikoaren beraren baitan bestelako patologiak sor daitezke, hala nola diabetesa, kardiopatiak eta abar, eta horren haritik etorritako desorekatzeen tratamendu eta kontrolaz ere arduratzen dira mediku horiek.

Tratamendu aktibo bat jada ez dela egokia ikusten denean, eta Euskarri Unitatearen berezko jarduerari loturik bereziki, ahal den neurrian sintomak kontrolatuko dira, zaintzak paziente bakoitzaren premietara egokituz. Pazientea egonkortzen bada, alta emango zaio eta etxera bidaliko da, edo bestela, egokitzat jotzen bada, etxean jarraipena egingo zaio Etxeko Ospitalizazioaren eskutik, edo beste batzuetan beste zentro batera eramango da (Kronikoentzako Aringarriak, Soziosanitarioa).

Paziente edo senide bati sufrimendu psikologiko bat atzematen bazaio, edo hark laguntza eskatzen badu, Psikonkologiako eta/edo Psikiatriako espezialistek baloratu eta tratatuko dute; eta jarraian kanpo-kontsultetara bideratuko dira jarraipena egiteko, baldin eta alta jaso dezaketela uste bada

Pazientearen eta familiaren gizarte-premiek eragina dute gaixotasun-prozesu eta -tratamenduaren gainean, eta Gizarte Langileak gizarte-premiak baloratzen ditu eta soluzioak ematen ditu. Etxeko laguntzak jaso behar dituzten edo zentro soziosanitarioetara eta zaintza aringarrien zentroetara eraman behar diren pazienteen ospitale-altaren plangintzan laguntzen du.

Ospitalizazioan zehar, beste zenbait tratamendu egokiak izan ote daitezkeen baloratzen da, hala nola fisioterapia mugikortasuna hobetzeko, Minaren Unitatea minaren kontrol egokia lortzeko eta abar.

Kanpo Kontsultak

Alta jasotzerakoan, arretarik behar duen pazienteari arreta eskaintzen zaio, eta jarraipena egiten zaio EZUko-Barne Medikuntzako, Onkologiako eta abarreko kanpo-kontsultetan, sintomak tratatzeko.

Psikonkologiako/psikiatriako kanpo-kontsultetan ere, jarraipenik behar duen pazienteari jarraipena egiten zaio. Dolu-prozesuan arreta behar duten senideek arreta hori jasotzeko aukera dute.

​Minbizi-diagnostiko baten aurrean, hobe dugu Unitateari laguntza psikologikoa eskatzea.

Sintoma fisikoe n kontrolaz arduratzen da Unitatea, baita pazientearen eta familiaren psikologia- eta gizarte-alderdiaz ere. Unitateak pazientearen bilakaera baloratzen du, eta pazientearen premiei erantzuten die.

Ospitaleratutako gaixoei zein ospitaleratuta egon direnei eskaintzen zaie arreta, azken kasu horretan kanpo-kontsultetan.

Zer espezialitate biltzen ditu gaixo onkologikoaren Euskarri Unitateak?

Barne Medikuntza, Psikologia (Psikologia Klinikoan espezialista), Psikiatria eta Gizarte Langilea. Beharrezkoa izanez gero, Minaren Unitateko espezialisten zerbitzuak eskatzen dira: Anestesistak, Fisioterapeutak eta abar.

Euskarri-unitateak, etxean dagoen gaixoari ere eskaintzen dio zerbitzua?

Ez zuzenean, baina egokitzat jotzen bada etxeko jarraipena koordinatzen da Etxeko Ospitalizazioko zerbitzuen aldetik.

Zer gertatzen da pazienteari edo familiari gizarte-premia batzuk sortzen bazaizkie eta premia horiek tratamenduan eragiten badute?

Euskarri Unitateko Gizarte Langileak kasu bakoitza baloratuko du, eta soluzioak emango ditu.