ORLko Unitatea

Sarrera

Zer da minbizia?

Portaera kliniko eta ebolutibo desberdinak baina ezaugarri komunak dituzten gaixotasunen multzo bat da.
Minbizi guztiak zeluletan hasten dira, hau da, organismoaren oinarrizko bizi-unitateetan. Duten hazkundean edo zatiketan modu kontrolatu gabean aldatzen direnean, masa edo tumore bat garatzen dute. Fenomeno hori non gertatzen den kontuan izanda, minbizi hori izan daiteke: bularrekoa, kolonekoa, prostatakoa, birikakoa, eta abar.
Gerta liteke masa-efekturik ez egotea, adibidez odoleko edo linfa-sistemako minbizia: Leuzemiak, Linfomak, Mielomak, eta abar.
Minbizi batek organismoaren beste lokalizazio batzuk inbaditzeko ahalmena du, hasierako fokuaren aldameneko edota urruneko egiturak: metastasia.
Ohikoena ez den arren, pertsona berak bi tumore desberdin edo gehiago izan ditzake.
Minbizien ehuneko txiki bat hereditariotzat jotzen da.

Diagnostiko eta Tratamendu Unitateen komenigarritasuna

Minbizia oso gaixotasun konplexua denez, azterketa, diagnostiko eta tratamendu egokiak egiteko espezialitate desberdinetako mediku eta erizainen konplizitatea behar du, baita pazienteari eta familiari babesa emateko unitateak ere.

Zer egiten du Diagnostiko eta Tratamendu Unitate batek?

Ospitalera iristen diren minbizi espezifiko baten paziente berri guztiak aztertzen dituen espezialista-talde bat da. Astero biltzen da, eta kasu bakoitzerako egokiena den estrategia diagnostiko eta terapeutikoa planifikatzen du.
Gainera, tratamendu desberdinak planifikatzen ditu: kirurgikoa, kimioterapikoa, erradioterapikoa, eta abar, ahalik eta modurik azkarrenean.
Bestalde, bigarren iritzia eskatzeko kontsulta batetik datozen minbizi mota horren kasuak aztertzen eta informatzen ditu, eta eskaera egin duten pertsonekin elkarrizketa egiten du.
Protokolo terapeutikoa aldizka berrikusten eta eguneratzen du, eta tumore motari lotutako aktualitateko gaiak azaltzen ditu.

 

Deskribapena eta minbizi motak

Goiko digestio-bideko eta goiko arnasbideko tumoreen diagnostikorako eta tratamendu espezifikorako Unitatea da. Minbizi horien artean, honako hauek aipa daitezke: aho-barrunbeko minbizia (masailezurra eraginpean hartuta edo eraginpean hartu gabe), listu-guruinetako minbizia (guruin parotidetakoa eta masailezurpeko guruinetakoa), faringeko, laringeko, sudur-hobietako eta sinu paranasaletako minbizia eta buruko eta lepoko larruazaleko minbizia.

Aho-barrunbea

Aho-barrunbeak ezpainak, mihia, ahoko zorua, masailak, bi masailezurrak eta hortzak biltzen ditu. Eremu horretan agertzen diren tumoreak pazienteak berak nabaritzen ditu, ultzerazioak, odoljario txikiak edota aho barruko orban edo nodulu zuri edo gorrixkak izaten baitira. Diagnostiko goiztiarra funtsezkoa da eremu horretan. Izan ere, diagnostikoa berandu egiten bada, oso erresekzio kirurgiko handiak egin behar dira, eta erresekzio horiek, mastekatzeko, hitz egiteko eta irensteko zailtasunak ekartzeaz gain, pazientearen bizi-kalitatea narria dezakete, nahiz eta tumorea sendatu.

Listu-guruinak

Listua sortzeko sistema osatzen duten guruinak honako hauek dira: listu-guruin handiak (guruin parotidak, masailezurpekoak eta mihipekoak) eta listu-guruin txikiak (aho-barrunbearen barrualde osoan hedatuak). Listu-guruinetako minbizi mota asko daude, gaiztotasun txikikoekin hasi eta oso gaiztotasun handikoekin amaitzeraino. Lepoan edo aho barruan koskor bat agertzen denean egiten da diagnostikoa. Zenbait kasutan, ziztada bat egin behar da tumorean, operazio aurreko diagnostikoa behar bezala egiteko. Nolanahi ere, gutxitan egiten da proba hori. Tratamendu nagusia kirurgia da, eta, oso kasu berezietan, kimioterapia edo erradioterapia erabiltzen da.

Faringea

Janaria eta airea sudurretik eta ahotik laringera eta esofagora garraiatzen dituen organo tubularra da faringea. Hiru atal ditu, goitik behera: nasofaringea, orofaringea eta hipofaringea. Bakoitzak bere ezaugarri bereziak ditu.

Nasofaringea edo cavum nasi (sudur-hobiak)

Sudur-hobien hondoan dago. Bertan agertzen diren tumoreek ez dute zerikusirik tabakoaren edo alkoholaren kontsumoarekin, bai, ordea, birusekin edo arraza-jatorriari lotutako faktore genetikoekin. Herrialde guztietan agertzen badira ere, Magreben eta Asiako hegoaldean ugariagoak dira. Belarriren batean buxadura-sentsazio iraunkorra izaten denean, lepoan koskor bat agertzen denean edo sudurreko odoljario txikiak eta ugariak izaten direnean diagnostikatzen dira sarritan. Nasofaringeko tumore horietarako tratamendua ez da kirurgikoa. Beraz, diagnostikatzen direnean hainbat erradioterapia-protokoloren bidez tratatzen dira (zenbaitetan kimioterapia ere erabiltzen da aldi berean).

Orofaringea

Ahoaren atzealdeak, amigdala palatinoek eta mihiaren oinarriak osatzen dute orofaringea. Bi tumore mota agertzen dira eremu horretan: tabakoaren eta alkoholaren kontsumoari lotutako tumoreak eta giza papilomaren birusak eragindako infekzioari lotutako tumoreak. Bi tumore horiek gaiztoak dira, eta, oraingoz, modu berean tratatzen dira. Elkarren artean bereizteko proba espezifikoak daude. Izan ere, giza papilomaren birusak eragindako infekzioari lotutakoek hobeto erantzuten diete tratamenduei, eta epe luzerako pronostiko hobea izaten dute. Lepoan koskor bat agertzen denean, irenstean mina edo zailtasuna nabaritzen denean, ahoko odoljario ugari izaten direnean edota hanturaren, erresuminaren edo eztarria hartua izatearen sentsazioa agertzen denean diagnostikatzen dira. Tratamendu nagusia interbentzio kirurgikoa da, eta, zenbaitetan, erradioterapia erabiltzen da, aldi bereko kimioterapiarekin edo gabe. Interbentzio kirurgikoa egiten ez den kasu jakin batzuetan, hainbat kimioerradioterapia-protokolotan datza tratamendua.

Hipofaringea

Eztarriaren eta esofagoaren (hots, digestio-bidearen sarreraren) arteko konexioa da. Eremu horretan sortzen diren tumoreak oso lotuta daude laringeko tumoreekin. Izan ere, paziente askoren kasuan, eremu horretako tumoreek laringea hartzen dute eraginpean, eta alderantziz. Normalean, lepoan koskor bat agertzen denean, irensteko zailtasuna izaten denean, ahotsa aldatzen denean edo airea falta den sentsazioa izaten denean diagnostikatzen dira. Kasu goiztiarretan, soluziorik egokiena kirurgia izaten da, baina, tumore aurreratuen kasuan, oso kirurgia erradikalak behar dira, eta, zenbaitetan, kimioterapia-protokoloak ere bai. Laringearen kasuan bezala, duela zenbait urtez geroztik mutilazio-kirurgiak saihets daitezke kimioerradioterapiaren bidez. Organoa kontserbatzeko tratamenduari esker, laringe-mutilazioa kasuen % 60tan saihesten da, tratamenduaren eraginkortasuna txikixeagoa bada ere. Interbentzio kirurgikoa ezinezkoa denean, hainbat kimioerradioterapia-protokolotan datza tratamendua.

Laringea

Ahotsaren emisioa ahalbidetzen duen, airea biriketara iristen uzten duen eta elikagaiak irenstean janaria biriketan sartzea eragozten duen organoa da laringea. Laringeko tumore baten hasierako sintomak honako hauek dira: ahots-aldaketak, elikagaiak igarotzeko zailtasuna, eztula likidoak irenstean, odoljario txikiak eztul egitean eta koskorrak lepoan. Kasu goiztiarretan, laser bidezko edo kanpoko kirurgian datza tratamendua. Kasu aurreratuetan, berriz, kirurgia erradikalagoak (trakeotomia iraunkorra eta ahotsa galtzea dakartenak) erabil daitezke, eta, ondoren, kimioerradioterapia ere bai. Bestela, hipofaringearen kasuan bezala, kimioerradioterapia-tratamendu konbinatuak aplika daitezke, organoa kontserbatzen saiatzeko (arrakasta-ehuneko berdinarekin).

Sudur-hobiak eta sinu paranasalak

Sudur-hobietako eta sinu paranasaletako tumoreek sudurreko arnasaren butxadura, mukositatea odolarekin nahasita, usaimenaren galera edo aurpegialdeko masak sorrarazten dituzte hasieran. Diagnostikoa biopsia bidez egiten da, eta, tratamenduaren barruan, interbentzio kirurgiko bat egiten da. Normalean, hainbat ebaki egiten dira sudurraren inguruan, eta, gaur egun, sudur-hobietatik egiteko joera dago, endoskopia-sistemen bidez. Edonola ere, tumoreak fase aurreratuetan ere diagnostikatzen dira, eta, kasu horietan, erradioterapia-tratamendu osagarri bat behar izaten da.

Buruko era lepoko larruazaleko minbizia

Larruazaleko minbizia ohikoena da gizakiengan. Esan ohi denez, larruazaleko minbiziak gainerako minbizi mota guztiak batera baino ugariagoak dira. Sintoma nagusia sendatzen ez den eta odoletan egon ohi den larruazaleko orban edo ultzerazio bat izaten da. Eguzkiak ematen duen lekuetan maizago agertzen da. Tratamendua kirurgikoa da funtsean, eta, zorionez, kasu gehienetan tumoreak goiz diagnostikatzen dira eta anestesia lokalarekin egindako interbentzio kirurgiko txikiekin sendatzen dira. Fase aurreratuetan diagnostikatutako kasuetan, operatutako eremua beste leku batzuetako larruazalarekin ordeztu behar izaten da. Zenbaitetan, tumoreko kirurgiaz gain, lepoko gongoil zerbikaletakoa behar izaten da, eta, kasu jakin batzuetan, erradioterapia-tratamendu osagarria ere bai. Kokapenagatik kirurgia bidez tratatu ezin diren lesio txikien kasuan, erradioterapia esklusiboa erabiltzen da.

Diagnostiko-teknikak, diagnostiko histologikorako mota guztietako lagin-hartzeak dira, hala kontsultan nola operazio-gelan edo laguntza erradiologikoaren bitartez. Tumore-lesio ugariren operazio barneko azterketa.

Anatomia Patologikoko Zerbitzuak edozein tumore-ehunen diagnostiko mikroskopiko, immunohistokimiko eta genetikorako teknikarik egokienak erabiltzen ditu. Zerbitzu horretan, era berean, Giza Papilomaren Birusaren adierazpen genetiko edo proteikoaren azterketa egiten da

Otorrinolaringologia Zerbitzuak ekipo bideofibroskopiko bat dauka sudurraren azterketa eta azterketa faringolaringeoa egiteko, irudia eta bideoa erregistratzeko aukerarekin.

Tumore-patologiaren diagnostiko eta jarraipen erradiologikoa Ekografiaren, Tomologia Konputerizatuaren (OTA-Scanner) eta Erresonantzia Magnetiko Nuklearraren (RMN) bitartez egiten da. Bestalde, OTA bidezko positroi-emisio bidezko Tomografia (PET-OTA) daukagu, eta hori aurrerapen handia izan da tumore-patologiaren diagnostikoa egiterakoan, batez ere maneiatzeko zailak diren kasuetan eta OTAk eta RMNk soluzio diagnostiko onak eskaintzen ez zituzten kasuetan.

Aztertzen eta tratatzen den kasu bakoitza Otorrinolaringologiako Unitate Funtzionalean eztabaidatzen da, eta bertan, kasu bakoitzean egingo den tratamenduari buruzko adostasuna lortzen da, diziplina arteko ikuspegiarekin betiere: kirurgia esklusiboa, kirurgia eta ondoren erradioterapia kimioterapiarekin edo gabe, erradioterapia kimioterapiarekin edo kimioterapia esklusiboa. Unitateko kideak behar bezala prestatuta daude eta, beraz, egunean daude protokolorik eguneratuenetan tratamendu medikoak (kimioterapia) eta erradioterapiako tratamenduak batera emateko, baita tratamendu kirurgikoak, kimioterapiakoak eta erradioterapiakoak bateratzeko ere kasu aurreratuentzat.

Tratamendu-protokolo bakoitzerako honako hauek ditugu:

Kirurgia

Laser CO2 kirurgia

Kirurgia partzialak aho-barrunbean, faringean eta laringean, kanpo-ebakirik eta trakeotomiarik gabe.

Kirurgia Endoskopiko Nasosinusala

Sudur-zulo naturalak aprobetxatuz.

Kirurgia Erradikalak

Kanpotik ekiten den kirurgia, zabalagoak kasu aurreratuetan.

Erradioterapia

Azeleragailu lineala

Erradiazio-intentsitateko modulazioaren (IMRT) teknikarekin ekipatuta dago (IMRT).

Tomoterapia

Irradiazio dinamiko eta txandakakoaren teknika bat da, era berean IMRTrekin eta irudiak eskuratzeko sistema batekin ekipatua. Megatentsioa duen OTA/azeleragailu lineala barne hartzen duen sistema integratu baten bitartez hartzen ditu irudiak.

Onkologia Medikoa

Kimioterapia

Zitostatikoen erabilera.

Agente Molekularrak

Hautatutako kasuetan erabiltzen dira, eta zelula epiterial tumoralen hazkundearen inhibitzaileak dira.

Unitatea Gipuzkoako aho-barrunbeko minbizia prebenitzeko programaren barruan dago, Gipuzkoako Estomatologoen Elkargo Ofizialarekin lankidetzan, eta horregatik, elkargoko edozein estomatologok bidaltzen dituen aho-minbizia prebenitzeko kontsulta guztiak doakoak dira Onkologikoan.

  • Osakidetzara bideratzea
  • Bigarren iritzia eskatzeko kontsulta
  • Aseguru pribatuetako pazienteak
Lehen kontsulta Onkologikoan
  • Azterketa osatzea
  • ORLko Unitate Funtzionala
  • Tratamendu Proposamenak
Tratamendua
ORLko Unitate Funtzionalaren Berrebaluazioa

Zer da goiko arnas eta digestio-bideetako minbizi bat?

Goiko arnas eta digestio-bideetako minbizia zelula multzo baten hazkunde neurrigabea da. Zelula horiek, jatorrizko lekuan hazteaz gain, hurbileko ehunak, lepoko gongoilak eta, fase aurreratuetan, urrunago dauden organoak (birikak, garuna edo hezurrak, adibidez) inbadi ditzakete. Goiko arnas eta digestio-bideek hainbat funtzio betetzen dituzte, hala nola mastekatzea, likidoak eta solidoak irenstea, arnasa hartzea (airea sudurretik biriketara igarotzea), eta ahotsa emititzea (laringean dauden ahots-korden bibrazioaren bidez). Sudur-hobietan, gainera, usainak hartzen dituen organoa dago. Goiko arnas eta digestio-bideen egitura guztiak oso baskularizatuta daude (odol-fluxu handia eta linfa-baso ugari dituzte), baita oso inerbatuta ere (minaren, presioaren, tenperaturaren eta abarren nerbio-errezeptore ugari dituzte). Gainera, arestian adierazi dugunez, gizakiaren oinarrizko funtzio batzuk kontrolatzen dituzte, hala nola jatea eta arnastea. Beraz, eremu horretan tumore bat agertzeak funtzioa galtzea ekar dezake (tumorearen beraren edota sendatzeko beharrezkoa den tratamenduaren eraginez).

Nola tratatzen dira goiko arnas eta digestio-bideetako minbiziak?

Buruko eta lepoko minbizia tratatzeko, kirurgia, erradioterapia eta kimioterapia erabil daitezke. Askotan, horietako bi edo hirurak behar izaten dira pazientea sendatuko dela ziurtatzeko. Guztiek konplikazioak eta kontrako efektuak izan ditzakete, baina oso modu arrazionalean ematen dira, Estatuan eta nazioartean onartutako jardun-protokoloetan oinarrituta, betiere pazientearen eta haren familia-ingurunearen ezaugarri fisikoak, psikikoak eta emozionalak kontuan hartuta. Pazienteei bilakaeran izandako aldaketen, diagnostiko-prozesuaren eta tratamendu-prozesuaren berri ematen zaie, eta pazienteak edo familiak tratamenduaren inguruan hartzen dituen erabakiak errespetatzen dira beti.

Nola prebeni daiteke goiko arnas eta digestio-bideetako minbiziaren agerpena?

Ohitura osasungarriak izatea, alkoholaren kontsumoarekin oso neurritsua izatea, tabakoa erabat saihestea, sexu-harreman seguruak izatea eta kozinatu gabeko fruta eta barazki ugariko dieta bati jarraitzea (horiek duten babes-efektuagatik) da buruko eta lepoko minbizirik ez izateko modurik onena.

Zer da trakeotomia bat?

Paziente bati trakea kanpoarekin komunikatzeko egiten zaion interbentzio kirurgikoa da trakeotomia. Trakeotomiak hainbat helburu izan ditzake, hala nola arnasbidea blokeatuta duen paziente batek arnasketa egokia izatea, paziente kritikoei bi astetik aurrera intubazio-tutua kentzea, goiko bideetatik biriketan odolik edo jariorik ez sartzea, birika-funtzio txarra eta jario-erretentzioa duen paziente baten arnasketa hobetzea, edota interbentzio kirurgiko baten operazio ondoko konplikazioak prebenitzea.

Trakeotomia iraunkorra al da beti?

Ez, trakeotomia, oro har, aldi baterako egiten da, eta egitea eragin duen arazoa konpondu arte irauten du. Pazienteak erabateko laringektomiaren edo arazoaren bilakaera txarraren kasuan baino ez du jarraitu behar izaten trakeotomia-kanularekin.

Laringeko minbizi baten tratamenduaren ondoren, paziente batzuk ahotsik gabe geratzen dira, eta beste batzuk, berriz, ez. Zergatik?

Bi zirkunstantziaren ondorioz egiten zaio trakeotomia paziente bati. Kasu gehienetan, kirurgia-operazio ondoko konplikazioak saihesteko, larrialdi mediko bat tratatzeko edo arnas funtzioa edo irensketa-funtzioa hobetzeko egiten da, eta tratamendua edo operazio ondokoa amaitu ondoren edota arazoa konpontzean, trakeotomia kentzen da ondoriorik utzi gabe (lepoaren aurrealdeko orbain txiki bat salbu). Tumore aurreratuetan, trakeotomia beharrezkoa da, erabateko laringektomia baten ondoren trakeotomiak pazienteari egokiro arnasten eta irensten uzten diolako (eta, beraz, ordezkaezina delako), edota tumoreak edo tratamenduek bilakaera txarra edo konplikazioak izan dituztelako eta, bide naturaletatik irensteko edo arnasteko zailtasunen ondorioz, trakeotomia itxi ezin delako.

Saihestu al daiteke trakeotomia iraunkor bat edo ahotsa galtzea faringeko edo laringeko minbizi aurreratu baten tratamendu erradikalaren ondoren?

Bai, pazientearen tumoreak laringea neurri batean bederen kontserbatzeko aukera ematen duenean eta laringeak bere oinarrizko funtzioak betetzen jarrai dezakeenean, aldi baterako trakeotomia egin daiteke.

Laringea kontserbatu ezin denean, tumore-batzordeak mutilazio-kirurgia bat egin eta laringea erauzi ordez kimioerradioterapia-tratamendu kontserbatzaile bat aplikatzeko aukeraren inguruko aholkuak emango dizkio paziente bakoitzari. Laringea kirurgiarik gabe kontserbatzeko kasurik onenak laringera mugatutako tumoreak dituzten eta kirurgiarik gabeko kimioerradioterapia-tratamenduei ongi erantzuten dietelako gongoil zerbikalak eta hezurrezko edo kartilagozko egiturak kaltetu gabe dituzten pazienteenak dira.

Hobe al da buruko eta lepoko minbizi bat laser bidez operatzea?

CO2 laserra uhin-luzera jakin bat duen argi-sorta bat da, eta ehuna mozteko eta aldi berean tumorearen inguruko odol-hodi txikiak koagulatzeko erabiltzen da. Teknika horrekin, ahotik irits daiteke tumorearen eremura, ebakirik egin gabe. Laserra, berez, ez da teknika kirurgiko berria, eta ez dakar aldaketarik tumorea tratatzeko moduan. Izan ere, tumorea osorik erauzi behar da, osasuntsu dagoen inguruko ehunetik marjina handia hartuta. Nolanahi ere, mikroskopio kirurgikoarekin erabilitako laserrari esker, erresekzio txikiagoak egin daitezke eta tumorea dagoen organoko ehun osasuntsuaren zatirik handiena kontserba daiteke. Gainera, kirurgiari lotutako hantura txikiagoa izaten da, eta ehuna bizkorrago sendatzen da. Horrela, beraz, ospitaleratzea laburragoa izaten da, eta irensketa, mastekatzea eta arnasketa bizkorrago errekuperatzen dira. Beste edozein tresnarekin bezala, beharrezkoa da anatomia, kirurgia irekiaren oinarriak eta operazio aurreko zereginak (edozein pazienterekin) sakonean ezagutzea. Nolanahi ere, laserrak ez ditu ordezten kirurgia irekiari lotutako teknika klasikoak. Laserraren bidez, trakeotomia sistematikoki egitea saihestu da, eta kirurgia irekiarekin baino emaitza funtzional hobeak lortu dira, betiere adituek eta kasu berezi batzuetan erabiliz gero.

Zergatik egiten da, tumorea erauzteko operazioaz gain, interbentzio bat lepoko gongoil linfatikoetan?

Goiko arnas eta digestio-bideetako tumore askotan, lepoko alde bateko edo bietako gongoilak erauzi behar dira. Izan ere, eremu horretan linfa-baso asko daude, eta baso horietan zehar gongoil linfatikoak dauden hurbileko eremuetara hedatzeko joera dute tumore gaiztoek. Tumore zerbikalaren tratamendua baino egingo ez balitz, gutxi gorabehera lau pazientetik batek metastasia izango luke gongoil-eremu horietan.