Minaren Unitatea

Sarrera

Zer da minbizia?

Portaera kliniko eta ebolutibo desberdinak baina ezaugarri komunak dituzten gaixotasunen multzo bat da.
Minbizi guztiak zeluletan hasten dira, hau da, organismoaren oinarrizko bizi-unitateetan. Duten hazkundean edo zatiketan modu kontrolatu gabean aldatzen direnean, masa edo tumore bat garatzen dute. Fenomeno hori non gertatzen den kontuan izanda, minbizi hori izan daiteke: bularrekoa, kolonekoa, prostatakoa, birikakoa, eta abar.
Gerta liteke masa-efekturik ez egotea, adibidez odoleko edo linfa-sistemako minbizia: Leuzemiak, Linfomak, Mielomak, eta abar.
Minbizi batek organismoaren beste lokalizazio batzuk inbaditzeko ahalmena du, hasierako fokuaren aldameneko edota urruneko egiturak: metastasia.
Ohikoena ez den arren, pertsona berak bi tumore desberdin edo gehiago izan ditzake.
Minbizien ehuneko txiki bat hereditariotzat jotzen da.

Diagnostiko eta Tratamendu Unitateen komenigarritasuna

Minbizia oso gaixotasun konplexua denez, azterketa, diagnostiko eta tratamendu egokiak egiteko espezialitate desberdinetako mediku eta erizainen konplizitatea behar du, baita pazienteari eta familiari babesa emateko unitateak ere.

Zer egiten du Diagnostiko eta Tratamendu Unitate batek?

Ospitalera iristen diren minbizi espezifiko baten paziente berri guztiak aztertzen dituen espezialista-talde bat da. Astero biltzen da, eta kasu bakoitzerako egokiena den estrategia diagnostiko eta terapeutikoa planifikatzen du.
Gainera, tratamendu desberdinak planifikatzen ditu: kirurgikoa, kimioterapikoa, erradioterapikoa, eta abar, ahalik eta modurik azkarrenean.
Bestalde, bigarren iritzia eskatzeko kontsulta batetik datozen minbizi mota horren kasuak aztertzen eta informatzen ditu, eta eskaera egin duten pertsonekin elkarrizketa egiten du.
Protokolo terapeutikoa aldizka berrikusten eta eguneratzen du, eta tumore motari lotutako aktualitateko gaiak azaltzen ditu.

Deskribapena

Oso ohikoa eta konplexua den sintoma da, gaixoek eta senitartekoek beldur handiena diotena. Min onkologikoak ez du soilik pazientearen bizi-kalitatean eragiten, izan ere, bere eguneroko bizitzan eta familiarekin eta adiskideekin dituen harremanetan ere eragina du.

 

Minaren Unitatearen helburua ez da soilik mina tratatzea, pazientearen erosotasuna lortzea ere helburu garrantzitsua baita. Minbizia eta mina sinonimoak direla eta mina agertzen denean gaixotasuna okerragotzen ari dela uste ohi da, baina hori ez da horrela.

Minaren arrazoietako bat da tumoreak hurbileko edo urruneko ehunak, batez ere hezurrak eta nerbio-ehuna, inbaditu dituela (metastasia), baina era berean jaso dituen tratamendu kirurgiko, kimioterapiko edo erradioterapikoekiko sekundarioa izan daiteke.

Beharrezkoa da hainbat espezialitatetan oinarritzen den diziplina anitzeko abordatzea egitea, pazientea bere osotasunean tratatzen jakingo duena.

Min onkologikoaren diagnostiko on baten gakoa pazientearekin elkarrizketa bat egitea da, ingurune apropos eta egokitu batean. Minaren eta bere ezaugarrien historia zehatz eta xehatu bat egin behar da, eta miaketa fisiko zuzen bat. Aurrekoa egin ondoren, beharrezkoa izanez gero erabiliko diren teknika osagarriak erabakiko dira.

Tratamendu egoki baten oinarria zera da: minari aurre egiterakoan alderdi fisikoa nahiz inplikazio emozionalak edo sozialak kontuan izatea.

Paziente bakoitzarentzat plan terapeutiko jakin bat egin behar da, horretarako neurri fisikoak (Fisioterapia), neurri farmakologikoak, terapia konduktualak eta erlaxaziokoak, eta mina tratatzeko terapia interbentzionistak erabiliz.

Plan terapeutiko bakoitzaren indikazioa indibidualizatua eta pazientearen arretan inplikatuta dauden espezialista guztiek adostutakoa da. Gaixotasunaren eta gaixoaren ezaugarrietara egokitzen da, eta haren nahia errespetatzen du beti.

 

 

 

Tratamendu Fisioterapikoak

  • Erlaxazio- eta tiramendu-teknikak
  • Indartze muskularra
  • Elektroterapia
  • Termoterapia
  • Hidroterapia
  • Arnas-fisioterapia
  • Postura-higienea
  • Drainatze linfatikoa

Minaren tratamendu interbentzionistak

Minaren teknika interbentzionistak teknika inbaditzaileak dira, duten konplexutasunaren arabera nolabaiteko azpiegitura eta antolaketa behar dutenak. Horien helburua terapia farmakologiko, fisiko edo konduktualaren (psikologikoa edo psikiatrikoa) osagarri izatea da. Normalki ez dira lehen lineako tratamenduak, izan ere, mina oso handia denean edo beste teknika batzuek porrot egin dutenean erabiltzen baitira. Honelakoak izan daitezke:

Teknika anestesiologikoak

Infiltrazioa

Infiltrazioen helburua mina denbora-epe labur batez arintzea da, tratamendu medikoa efektua eragiten hasten den bitartean. Nerbio batean, nerbio-multzo batean edo muskulu batean ekintza luzeko anestesiko lokal bat sartzean datza.

Zenbaitetan ekintza luzeagoa edo iraunkorra duten botikak erabiltzen dira, agente neurolitiko deitutakoak (alkohola, fenola edo glizerola), baina hori kasu bakoitzean indibidualki zehaztu behar da. Min onkologikoa arintzeko aukera handiak eskaintzen ditu, hala nola: pelbiseko mina, saihets arteko mina eta abar.

Infiltrazio Epidurala

Bizkarrezurreko toki batean, hau da, espazio epiduralean, botika bat (anestesiko lokala eta/edo analgesiko opiazeoa edo kortikoidea) sartzean datza. Tratamendua injekzio bakar batekin egin daiteke, edo bestela zenbait aldiz errepikatuta. Mina botika-dosi oso txikiekin kontrolatzea da helburua, eta horrek aukera ematen du aurreko tratamenduekin izan daitezkeen zeharkako efektuak murrizteko eta hainbat kasutan ezabatzeko.

Larruazalpeko Erreserborioa

Benarako sarbide zuzena bermatzeko eta, horrela, gaixotasun onkologikoaren eta minaren tratamendua errazteko erabiltzen da. Teknika erraz batekin ipintzen da eta pazientearentzat erosotasun-abantaila handiak eskaintzen ditu.

TENS

Larruazalean zeharreko Estimulazio Elektrikoa, mina kontrolatzeko deskarga elektriko txiki batzuk erabiltzean datza. Pazienteak inurridura-sentsazioa nabaritzen du, eta kalanbre horrek endorfinak (minaren blokeoan inplikatuta dagoen giza organismoaren substantzia) askatzea errazten du eta estimulu mingarrien transmisioa blokeatzen du nerbio periferikoen eta ornomuinaren mailan. Nerbio baten edo batzuen lesio edo afektazioarengatik mina dagoenean erabiltzen da batez ere.

Infusio-ponpa anbulatorioa (PCA)

Epiduralean, benan edo larruazalpean ipinitako sarbideetara konektatuta dauden gailu elektronikoak dira. PCA sistemaren bitartez, paziente bakoitzarentzat botika-dosia indibidualizatzea eta pazienteak botika hori bere beharrizanen arabera hartzea lortzen da. Gainera mina sortzen denetik min hori kontrolatu arteko erantzuna askoz azkarragoa izatea lortzen da.

Teknika Erradioterapeutikoak

Erradioterapiak gaixotasun diseminatu lokalizatuagatiko (metastasikoa) mina arin dezake, baita tumore primarioa hedatzeak eragindako sintomak ere. Erradioterapia tratamendu analgesikoaren osagarri da, eta horren eraginkortasuna hobe dezake, minaren kausaren gainean zuzenean jarduten duelako. Hezur-metastasiak dira mina kontrolatzeko tratamendu erradioterapikoaren kausarik ohikoena, baina tratamendu hori, era berean, bizi-kalitatean mugapen garrantzitsua eta eragin handia sortzen duten beste min-kausa batzuetan erabiltzen da, adibidez honako hauek sortutako oinazetan: ornomuinaren konpresioak, nerbio-multzoen konpresioak edo infiltrazioak sortutakoetan, eta abar.

Erradioterapiako espezialistak plan indibidualizatu bat egiten du egoera bakoitzerako, tratamenduaren onurak eta arriskuak baloratuz.

Teknika Erradioisotopikoak

Erradiobotika deitutako substantzia erradioaktibo jakin batzuen erabileran oinarritzen dira, eta gaixotasun lokala nahiz barreiatua kontrolatzea ahalbidetzen dute. Teknika hauek batez ere erabiltzen dira gaixotasunak hezurrak ukitzen dituenean (hezur-metastasiak). Kasu horien helburua da kontrol sintomatikoa lortzea, bizi-kalitatea hobetzea, analgesiko-premia murriztea eta gaixotasuna egonkortzea.

Teknika horiek egiteko, ezinbestekoa da kontuan izatea pazientearen ezaugarriak, oinarrizko gaixotasun onkologikoa, kontraindikazioen presentzia eta minaren bilakaera.

Abordatze psikologikoa

Minak oro har eta min onkologikoak bereziki, sufrimendu handia eragiten dio pazienteari. Hori dela eta, askotan hainbat tresna beharrezkoak dira pazienteak mina kontrolatzeko eta ez areagotzeko hainbat abilezia gara ditzan. Minari nola egiten diogun aurre eta minak zer eragin duen gure jarreran eta harreman pertsonaletan oso garrantzitsua da min hori kontrolatzeko garaian.

Psikologiaren modalitate bat psikoterapia da, hau da, psikologian lizentziatua eta minean espezializatua dagoen profesional batengana joatea, min-sentsazioa areagotu edo arindu dezaketen eguneroko zirkunstantziei buruz gidatuko eta orientatuko gaituena.

Gainera erlaxazio- eta irudimen-teknikak ere aplikatzen dira, bai eta pazienteari mina eragiten dioten hainbat zonaren kontrola berreskuratzea ahalbidetzen duten beste teknika batzuk ere.

Min onkologikoa duen pazientea
Espezialista onkologikoaren balorazioa
Gaixotasunaren azterketa
Espezialista onkologikoaren balorazioa
Minaren ezaugarriak baloratzea. Laguntza psikologikoaren edo psikiatrikoaren premia. Lotuta dauden beste gaixotasun batzuk baloratzea. Erradioterapiarekin, erradioisotopoekin egin beharreko tratamendua baloratzea.
Barne-medikuntzara bideratzea
Psikiatriara eta/edo Psikologiara bideratzea
Plan terapeutikoa lantzea
Farmakologikoa. Fisioterapikoa. Interbentzionista.