Digestiboko Unitatea

Sarrera

Zer da minbizia?

Portaera kliniko eta ebolutibo desberdinak baina ezaugarri komunak dituzten gaixotasunen multzo bat da.
Minbizi guztiak zeluletan hasten dira, hau da, organismoaren oinarrizko bizi-unitateetan. Duten hazkundean edo zatiketan modu kontrolatu gabean aldatzen direnean, masa edo tumore bat garatzen dute. Fenomeno hori non gertatzen den kontuan izanda, minbizi hori izan daiteke: bularrekoa, kolonekoa, prostatakoa, birikakoa, eta abar.
Gerta liteke masa-efekturik ez egotea, adibidez odoleko edo linfa-sistemako minbizia: Leuzemiak, Linfomak, Mielomak, eta abar.
Minbizi batek organismoaren beste lokalizazio batzuk inbaditzeko ahalmena du, hasierako fokuaren aldameneko edota urruneko egiturak: metastasia.
Ohikoena ez den arren, pertsona berak bi tumore desberdin edo gehiago izan ditzake.
Minbizien ehuneko txiki bat hereditariotzat jotzen da.

Diagnostiko eta Tratamendu Unitateen komenigarritasuna

Minbizia oso gaixotasun konplexua denez, azterketa, diagnostiko eta tratamendu egokiak egiteko espezialitate desberdinetako mediku eta erizainen konplizitatea behar du, baita pazienteari eta familiari babesa emateko unitateak ere.

Zer egiten du Diagnostiko eta Tratamendu Unitate batek?

Ospitalera iristen diren minbizi espezifiko baten paziente berri guztiak aztertzen dituen espezialista-talde bat da. Astero biltzen da, eta kasu bakoitzerako egokiena den estrategia diagnostiko eta terapeutikoa planifikatzen du.
Gainera, tratamendu desberdinak planifikatzen ditu: kirurgikoa, kimioterapikoa, erradioterapikoa, eta abar, ahalik eta modurik azkarrenean.
Bestalde, bigarren iritzia eskatzeko kontsulta batetik datozen minbizi mota horren kasuak aztertzen eta informatzen ditu, eta eskaera egin duten pertsonekin elkarrizketa egiten du.
Protokolo terapeutikoa aldizka berrikusten eta eguneratzen du, eta tumore motari lotutako aktualitateko gaiak azaltzen ditu.

Deskribapena eta minbizi motak

Esofagoa

Ahotik urdailera bitarte doan organoa da. Bi tumore nagusi ageri ohi dira organo horretan: horietako batek tabako- eta alkohol-kontsumoarekin du zerikusi handia; bestea, berriz, erreflexu azidoaren kasu batzuei lotzen zaio zenbaitetan. Honako sintoma hauek ageri ohi dira: batetik, irensteko zailtasuna, eta, bestetik, janaria trabatuta geratzea esofagoaren zenbait mailatan. Tumore hori aztertzeko gastroskopia bat egiten da, eta horrek gainera laginak hartzeko aukera ematen du. Zaila da esofago-minbizia goiz detektatzea. Normalean, tratamenduan kimioterapia eta erradioterapia uztartzen dira, eta batzuetan kirurgia egin behar izaten da esofagoa erauzteko.

Urdaila

Urdaila J formako organoa da, abdomenaren goialdean kokatua dagoena. Aparatu digestiboko zati izanik, jaten ditugun janarien nutrienteak (bitaminak, mineralak, karbohidratoak, koipeak, proteinak eta ura) prozesatzen ditu, eta gorputzaren hondakinak deusezten laguntzen du. Orain hamarkada batzuk minbizi mota hori oso ohikoa zen, baina janariak gero eta hobeto kontserbatzen direnez gaur egun bakanagoa da. Helicobacter pylori izeneko bakterio baten mota jakin batzuek, erretzeak eta familian minbizi hori izan duen senide bat izateak ere eragina dute minbizi mota horren garapenean. Sintomak urriak dira, eta zehaztugabeak: batzuetan, digestio-astuntasuna, mina, ahulezia, pisu-galera edo anemia. Gastroskopiaren eta biopsien bitartez diagnostikatzen da, eta batzuetan OTA ere egiten da, tumorea noraino hedatu den ikusteko. Tumore hori tratatzeko, urdail osoa edo urdailaren zati bat erauzten da, baita urdailaren inguruko gongoil linfatikoak ere, metastasiak normalean bertan sortzen baitira. Tumorea nola dagoen aztertuta, erradioterapia eta kimioterapia aplika daiteke operazioa osatzeko, edo bestela tratamendua hasi operazioaren aurretik tumorea hobeto kontrolatzeko.

Pankrea

Urdailaren atzean dago, gibelaren ondoan, eta digestioan lagungarri diren substantzia batzuk jariatzen ditu. Pankreako minbiziaren sintomak zehaztugabeak dira: normalean, mina, ahulezia, pisu-galera eta apetitua nabarmentzen dira lehenik; batzuetan, larruazalak kolore horixka hartzen du. Tumorea aztertzeko OTA bat egiten da, eta askotan, egin beharreko biopsia ere OTA bidez gidatuta egiten da. Tratamenduan erradioterapia eta kimioterapia uztartzen dira, baita operazioa ere, baldin eta tamainak eta ezaugarriek horretarako bidea ematen badute.

Gibela

Gibela organo handia da, abdomenaren eskuinaldean dagoena, kaxa torazikoaren babespean. Gibelak funtzio ugari dauzka: Zeresan handia du janariak energia bihurtzeko prozesuan, eta odola iragazi eta biltegiratzeaz ere arduratzen da. Uste denez, gibeleko minbiziaren garapenak B hepatitisaren birusaren (VHB) eta C hepatitisaren birusaren (VHC) infekzioarekin du zerikusia. Zaila da gibeleko minbizi primario bat goiz detektatzea, lehen sintomak normalean oso lausoak izaten direlako. Beste minbizi motekin gertatzen den bezala, gaixotasun horrek osasun eskaseko sentsazio orokorra eragiten du normalean. Gibeleko minbiziak apetitu-galera pisu-galera, sukarra, nekea eta ahulezia ekar ditzake berekin. Minbizia handitzen den heinean mina ager daiteke abdomenaren goialdean, eskuinaldean, eta bizkarraldera eta sorbaldara ere heda daiteke, batzuetan masa moduko bat suma daitekeelarik. Zaila da gibeleko minbizia kontrolatzea, oso txikia denean aurkitzen ez bada. Alabaina, tratamenduak sintomak arin ditzake, eta pazientearen bizi-kalitatea hobe dezake.

Heste lodia (kolona) eta ondestea

Kolona eta ondestea aparatu digestiboko atalak dira. Hodi luze muskular bat osatzen dute, heste lodia esaten zaiona. Heste lodiaren lehen 100 edo 150 cm-ek kolona osatzen dute, eta azken 15 cmek ondestea, hurrenez hurren. Koloneko minbizia bigarren minbizi ohikoena da, gizonen zein emakumeen artean, eta hereditarioa denez, gaixotasun hori izan duten pertsonen senideei ere azterketa egin behar zaie. Ultzeradun kolitisa eta beste zenbait gaixotasun dituzten pazienteen artean errazagoa da minbizi hori aurkitzea. Lehenik eta behin, zenbait polipo onbera agertzen dira, baina batzuetan, urteek aurrera egin ahala, polipoak handiagotu egin daitezke eta minbizi bihurtu. Normalean, koloneko edo ondesteko minbizia agertzean aldaketak sumatzen dira sabel-husteko moduan, eta eginkarietan odola agertu ohi da. Tumorea aztertzeko kolonoskopiak egiten dira, biopsiak egiteko aukera ere ematen dutenak. Normalean, tratamenduak operazioa eskatzen du tumorea erauzteko inguruko gongoil linfatikoekin batera, bertan metastasiak sortu ohi direlako. Tumore motaren eta tumoreak aurrera egin duen bidearen arabera, kimioterapia-tratamendua ere ematen da. Batzuetan, minbiziaren metastasiak sor daitezke gibelean edo biriketan; kasu horietan, ezaugarrien arabera, metastasia operatzeko aukera ere badago.

Ondestearen kasuan, organo bera izan arren, pelbisean eta uzkitik gertu egoteak beharrezko egiten du askotan operatu aurretik erradioterapia-tratamendu bat ematea, kimioterapiarekin edo kimioterapiarik gabe, tumorea murrizteko eta hobeto kontrolatzeko.

Uzkia

Ondestearen irekigunea da, gorputzaren kanpoalderantz doana, eta eginkariak (hondakin solidoak) hortik ateratzen dira gorputzetik kanpora. Normalean, organo horretako minbiziak VPH giza papilomaren birusaren infekzioarekin izaten du zerikusia, baita erretzearekin eta uzkian urte askoko fistulak edukitzearekin ere. Normalean odolustea eta hazkura nabari dira, batzuetan mina, eta, beste batzuetan, masa bat hazta daiteke. Tumore hori diagnostikatzeko ikus- eta esku-miaketa egiten da eta biopsiak hartzen dira, eta erresonantzia pelbiko bat ere egin ohi da, pelbis osoa ebaluatzeko eta gaixotasunaren norainokoa zehazteko. Minbiziaren kokapen zehatzaren eta aurrerapen-mailaren arabera tratamendu egokia erabakiko da, hau da, erradioterapia, kimioterapia eta kirurgia, bakarka edo normalean konbinatuta.

Biopsia

Hainbat teknikaren bidez, tumorearen laginak lortzen dira, eta lagin horiek mikroskopioan aztertzen dira hainbat tindaketa egin ondoren. Era horretan, tumorea identifika daiteke, eta tratamenduari eman beharreko erantzunean eta tumorearen bilakaeran eragina izan dezaketen ezaugarriak tipifika daitezke. Halaber, biologia molekularreko azterketak egiten dira laginekin, eta ezinbestekoak dira tratamenduak doitzeko eta ahal den neurrian pertsonalizatzeko.

Analisi klinikoak

Odol-laginak analizatzen dira, tumore-markadoreak (hots, tumoreak sortzen dituen eta tratatutako pazienteen jarraipena egiteko oso baliagarriak diren substantziak) finkatzeko. Halaber, eginkariak analizatzen dira, ezkutuko odola detektatzeko. Ezkutuko odola koloneko eta ondesteko minbiziak sortzen du, baina oso kantitate txikitan sortzen duenez gero, ez da lehen begiratuan ikusten. Horregatik, ezkutuko odola detektatzeko azterketa espezifikoak egiten dira. Izan ere, azterketek erakutsi dutenez, eginkarietako ezkutuko odolaren analisia, 50-80 urteko pertsonei urtean edo bi urtean behin egiten bazaie, lagungarria izan daiteke koloneko eta ondesteko minbiziagatiko heriotzen kopurua % 15-33ko proportzioan murrizteko.

Endoskopia digestiboa

Kamera txiki bat eta lan-kanal bat duen zuntz optikoko hodi malgu bat sartzen da, aparatu digestiboaren barnealdea bistaratzeko, laginak hartzeko eta, lesioen tamainaren eta ezaugarrien arabera, lesio horiek kentzeko. Esofagoa eta urdaila ikusi nahi izanez gero, gastroskopia deitzen zaio, eta kolona eta ondestea aztertu nahi izanez gero, berriz, kolonoskopia eta errektoskopia.

Irudi bidezko diagnostikoa

Ordenagailu bidezko tomografia axiala (OTA)

Gorputzaren barnealdeko irudi zehatzak bistaratzen dira X izpien bidez, eta ordenagailu bidez prozesatzen dira gero.

Kolonoskopia birtuala (OTA)

OTAren aplikazio berezi bat da, eta kolona aztertzeko erabiltzen da. Zehazki, hainbat erradiografia ateratzen dira (ordenagailu bidezko tomografia), eta potentzia handiko ordenagailu bat erabiltzen da erradiografia horietatik abiatuta kolonaren barne-gainazalen bi eta hiru dimentsioko irudiak berregiteko.

Erresonantzia Magnetiko Nuklearra (EMN)

Teknika horren barruan, irrati-uhinak eta ordenagailu bati konektatutako indar handiko iman bat erabiltzen dira, gorputzaren barne-eremuen irudi zehatzak sortzeko. Kalitate handiko irudiak ematen ditu garuna, bizkarrezurra, artikulazioak eta hezurrak aztertzeko (zenbaitetan, beste teknika batzuekin –hala nola ordenagailu bidezko tomografiarekin edo X izpiekin– baino irudi hobeak lortzen dira). Errresonantzia magnetikoko irudiak bereziki baliagarriak dira garunaren, bizkarrezurraren, artikulazioen ehun bigunaren eta hezurren barnealdearen irudiak ateratzeko.

Ekografia

Teknika horretan, soinu-uhinak erabiltzen dira, eta uhin horiek organoetara iristean egiten duten errebotea entzuten da. Era horretan, organoen forma eta barnealdea ikus daiteke. Abantailen artean, oso bizkor egiten dela eta erradiaziorik behar ez duela aipa daiteke.

Ekografia endoskopikoa

Bi teknika konbinatzen ditu: endoskopia eta ekografia. Ekografiak gorputzaren barrutik egiteko aukera ematen du, eta, beraz, oso barneratuta dauden gorputz-eremuetara irits daiteke. Horregatik, kanpoko ekografiarekin baino irudi hobeak lortzeko eta biopsiak hartzeko aukera ematen du.

Irudi bidezko diagnostikoa markadore espezifikoekin

Gammagrafia

Gorputzaren barne-atalen irudiak lortzeko proba bat da. Pertsonari injekzio bat jartzen zaio edota material erradioaktiboko kantitate txiki bat hartzen du, eta eskaner izeneko makina batek organo batzuek duten erradioaktibitatea neurtzen du.

Positroien igorpen bidezko tomografia (PET–OTA)

Pertsonari iraupen laburreko glukosa erradioaktiboko kantitate txiki bat injektatzean datza teknika hori. Tumore-zelulek, azukrearen irrikaz daudenez gero, hartu egiten dute, eta erradiazioaren eraginpean geratzen dira. Ordenagailu bidezko eskaner batek erradiazio hori ikusteko eta, beraz, tumorea zein eremutan dagoen jakiteko aukera ematen du.

Diziplina anitzeko talde batean erabakiak hartzea

Taldean onkologoak, erradioterapeutak, kirurgialariak, erradiologoak, patologoa, medikuntza nuklearreko espezialistak eta onkologiako erizaina daude; astean behin biltzen dira, eta kasu bakoitza aztertzen dute. Taldekide bakoitzak kasuaren inguruan duen ikuspegia azaltzen du, eta erabakirik onena bilatzen da alderdi eta jakintza guztiak kontuan hartuta, pertsona bakoitzarengan ahalik eta tratamendurik onena aplikatzeko.

Kimioterapia

Protokolo baten araberako tratamendu baten barruan tumoreen kontrako botika zitotoxiko batekin edo gehiagorekin ematen den tratamendua da. Kimioterapia tradizionalak zelulak suntsitzen dituzten agenteak ditu; nolanahi ere, zelula horiek bizkor zatitzen dira (hori da tumore-zelulen ezaugarri bereizgarrietako bat). Era berean, kimioterapiak ondorioak ditu osasuntsu dauden zatietan. Zati horiek ere bizkor hazten dira, eta kimioterapiaren berezko zeharkako efektuak agertzen dira: odolaren zelulen produkzio txikiagoa eta hesteetako gainazaleko zelulen hantura. Tratamenduaren dosiak eta emateko moduak botika bakoitzaren eta erabilitako protokoloaren araberakoak dira. Tratamendu batzuk pilulen bidez har daitezke, beste batzuk zainetatik ematen dira, eta, zenbaitetan, beharrezkoa izaten da erreserborio bat jartzea, medikazioa gorputzeko zain handietatik emateko.

Angiogenesiaren inhibitzaileak

Tumore-zelulek hazteko eta hedatzeko behar dituzten odol-hodiak sortzea eragozten duten substantziak dira. Normalean, beste kimioterapia-tratamendu batzuekin konbinatuta ematen dira.

Kirurgia

Kirurgia onkologiko irekia

Operazioaren teknika klasikoa da, baina komunitate zientifikoak minbizi bakoitzaren tratamendu espezifikorako adostutako irizpideak aplikatzen dira, eta abdomeneko barrunbea arakatzen da. Era horretan, tumorearen tamainari buruzko datu zehatzagoak lor daitezke, eta tumorea gorputzetik erauz daiteke, tumorearen lehen metastasiak agertzen diren gongoil erregionalekin batera. Erauzi ondoren, organoak berregin egiten dira, bizi-kalitatearen murrizketa ahalik eta txikiena izan dadin. Aparatu digestiboko tumore gehienei aurre egiteko tratamendu nagusia kirurgia da oraindik ere, eta anestesia orokorra behar izaten da kirurgia mota horretan.

Kirurgia laparoskopikoa

Arestian adierazitako irizpideei jarraitzen die, baina abdomeneko barrunbean sartzeko modua desberdina da. Ebaki ordez, zulo txiki batzuk egiten dira; bertatik kamera bat eta operazioa egiteko tresnak sartzen dira abdomenaren barruan. Kirurgia mota hori hainbat operaziotan erabil daiteke, eta operazio ondoko errekuperazioa bizkorragoa izaten da.

TEM (Uzkian zeharreko Mikrokirurgia Endoskopikoa)

Teknika honen bidez, ondestean (heste lodiaren amaierako zatian, uzkitik hurbil) kokatutako polipo onberak edo minbizi goiztiarrak erauzten dira. Lesioak abdomeneko barrunbea ireki behar izan gabe erauzten dira, eta, askotan, uzkitik hurbil daudelako oso operazio zabala beharko luketen edo hestearen edo uzkiaren funtzionamenduan eragina izango luketen lesioak erauzten dira. Horrela, beraz, bizi-kalitaterako oso garrantzitsuak diren hestearen atalak (uzkia, adibidez) ahal den neurrian mantentzen dira, eta operazio ondoko errekuperazioa bizkorra da.

Erradioterapia

Energia altuko X izpien erabileran datza, eta hainbat minbizi mota tratatzea du helburu. Honako kasu hauetarako erabil daiteke:

  • Gaixotasuna tumorea erabat suntsituz sendatzeko.
  • Sintomak kontrolatzeko (tumore batek edo haren metastasiak eragindako mina arintzeko, adibidez).
  • Kirurgiaren aurretik, tumore baten tamaina murrizteko, erauzten errazagoa izan dadin.
  • Kirurgiaren ondoren, tumorearen hondarrak suntsitzeko (geratu badira).

Hainbat modu daude aplikatzeko, eta kimioterapiarekin konbinatzen da maiz, tumorearen gaineko efektuak areagotzeko:

  • Kanpoko erradioterapia: erradiazioaren iturria gorputzetik kanpo dagoen makina bat da. Askotan, azeleragailu lineala erabiltzen da, baina teknika espezifiko batzuek (hala nola intentsitate modulatuko erradioterapiak –IMRT– eta tomoterapiak) selektiboagoak izateko aukera ematen dute, eta ehun osasuntsuek jasotzen duten erradiazio kantitatea murritz daiteke.
  • Barneko erradioterapia: brakiterapia ere esaten zaio; erradiazio-iturria gorputzaren barruan sartzen da (tumorearen barruan edo tumoretik hurbil), eta erradiazio-dosi lokal handiak askatzen ditu bertan.

Detekzio Goiztiarreko Programa

Aparatu digestiboko tumore batzuk (hala nola kolonekoak) garai batean onberak ziren lesioen degenerazio gaiztoaren ondorioa dira. Horrek aukera ematen digu minbiziaren garapena prebenitzeko. Ildo horretan, lesio onbera horiek azter ditzakegu, eta, askotan, kendu ere bai, tumore gaizto bihur ez daitezen. Ildo horretan, eginkariak aztertzen dira, odolik ba ote dagoen edota kolonak lesioren bat duela adierazten duten beste markadore batzuk agertzen diren ebaluatzeko. Proba horiek positiboak badira, kolonoskopia bat egiten da, azterketa egiteko eta, askotan, tratatzeko eta prebenitzeko.

Minbizi hereditarioari buruzko kontsulta

Aparatu digestiboko minbizi mota asko hereditarioak dira.

Alde batetik, familia-poliposi adenomatosoarekin (FPA) edo poliposi hereditariorik gabeko koloneko minbiziarekin (Lynch-en sindromearekin) zerikusia duten gene ezagun batzuk izanez gero, minbizi mota batzuk izateko arrisku handia dago. Familia-aurrekariak kontuan hartuta gene horiek izan ditzaketen pertsonen kasuan, gene horiek azter daitezke, tumoreak garatu aurretik prebentzio-estrategiak antolatzeko.

Bestalde, aparatu digestiboko tumore askotan, gaixotasuna izan duten senideak edukitzeak gaixotasun bera izateko arrisku handiagoa dakar, eta, beraz, pertsona horiek prebentzio-programetan sartzen dira.

Aholkuak

Minbiziaren arrisku-faktoreak (erretzea, alkohola edatea, gehiegizko pisua izatea eta ariketarik ez egitea) saihestea lagungarri izan daiteke aparatu digestiboko minbizi mota jakin batzuk prebenitzen laguntzeko. Babes-faktoreak areagotzea (erretzeari uztea, alkoholik ez edatea edo neurrian edatea, osasuntsu elikatzea, fruta eta barazki asko eta haragi gorri gutxi janez, eta ariketa egitea ere lagungarri izan daitezke minbizi mota jakin batzuk prebenitzeko.

  • Barne-medikuntzara bideratzea
  • Bigarren iritzia eskatzeko kontsultak
  • Aseguru pribatuetako pazienteak
Lehen kontsulta Onkologikoan
  • Azterketa osatzea, Laborategia, Anatomia eta Erradiologia
  • Digestiboko Unitatea
  • Tratamendua
Digestiboko Unitatearen berrebaluazioa

Zer egin dezaket minbizi digestiboa prebenitzeko? Zer bizi-ohitura aldatu behar dut?

Minbiziaren arrisku-faktoreak (erretzea, alkohola edatea, gehiegizko pisua izatea eta ariketarik ez egitea) saihestea lagungarri izan daiteke aparatu digestiboko minbizi mota jakin batzuk prebenitzen laguntzeko. Babes-faktoreak areagotzea (erretzeari uztea, alkoholik ez edatea edo neurrian edatea, osasuntsu elikatzea, fruta eta barazki asko eta haragi gorri gutxi janez, eta ariketa egitea ere lagungarri izan daitezke minbizi mota jakin batzuk prebenitzeko.

Zerk eragiten du koloneko minbizia?

Orain arte dakigunaren arabera, honako faktore hauek eragiten dute koloneko minbizia izateko arriskua handiagoa izatea: gaixotasuna izan duen senide bat izatea, tabako edo alkoholaren ohiko kontsumoa, barazki eta fruta gutxi jatea, eta sarritan haragi gorriak jatea. Gehiegizko pisua izatea eta ariketa fisikorik ez egitea ere lagungarri izan daitezke minbizi mota hori garatzeko.

Zeintzuk dira koloneko minbizi baten sintomak?

Ohiko sintoma izan ohi da sabel-husteko moduan aldaketak izatea, esaterako, aldez aurretik erregularra izanik, idorreria eta beherakoa aldizka txandakatzea, eginkarietan odola agertzea, sabela husteko etengabeko gogoa izatea, eta batzuetan behin hustu eta gero gogoak bere horretan segitzea. Batzuetan pisu- edo apetitu-galera ere izaten da.

Ultzeradun kolitis bat edo Crohnen gaixotasun bat daukat. Koloneko minbizia izateko arrisku handiagoa al daukat?

Bai. Ultzeradun kolitisa eta Crohnen gaixotasuna, biak ere hesteetako hanturazko gaixotasunak izanik, hestetako gaixotasun kronikoak dira, eta pazienteak orain hogei urte baino lehenagotik badauzka, koloneko minbizia izateko arriskua are handiagoa izango da; hortaz, biopsiadun kolonoskopia bat egin beharko da nahitaez.

Zer egin dezaket koloneko minbizia prebenitzeko?

Bizi-ohitura osasuntsuek murrizten dute koloneko edo ondesteko minbizia izateko arriskua. Honako hauek dira: ez erretzea, ez edatea, gehiegizko pisua saihestea, ariketa sarri egitea, fruta eta barazkiak jatea eta haragi gorrien kontsumoa murriztea. Gaixotasuna izan duten senideak izanez gero, prebentzio-azterketak egin behar dira..

Senide batek koloneko minbizia izan du, kolonoskopia bat egin behar al dut?

Bai. Lehen mailako senideek (gurasoak, seme-alabak, anai-arrebak) koloneko minbizia izateko arrisku bikoitza dute alderatzen baditugu gaixotasuna izan duten seniderik ez duten pertsonekin. 40 urtetik aurrera kolonoskopia bat egitea gomendatzen zaie, eta gero 5 urtean behin errepikatzea. Bigarren mailako senideen artean, hau da, aitona-amona, biloba, lehengusu, osaba-izeba eta iloben artean, arriskua txikiagoa da, eta 50 urtetik aurrera kolonoskopia bat egitea gomendatzen zaie, edo bestela bahetze-programa orokorretan sartzea, eginkarietan dagoen odola aztertuz.

Zergatik ematen da kimioterapia zikloka?

Oro har, kimioterapia zikloka ematen da, botikak eta atsedenaldiak txandakatuz. Kimioterapian ematen diren botikek tumore-zeluletan eragiten dute, baina baita zelula osasuntsuetan ere, eta atsedenaldiei esker, organismoak galdutako zelula osasuntsuak berreskura ditzake, eta horrela jasotako medikazioaren ondorioetatik suspertu.

Zeintzuk dira kimioterapiaren zeharkako efektuak?

Minbizi mota bakoitzari botika jakin bat aplikatuko zaio, eta zeharkako efektuak horren araberakoak izango dira. Aparatu digestiboko minbizietan erabilitako kimioterapian neke-zantzuak nabari dira oro har, batzuetan goragaleak botika ematean, zenbaiti zauriak ageri zaizkio ahoan, edota beherakoa edo idorreria izaten dute, eta odolaren zelula kopuruaren murrizketa. Zenbait botikak larruazalean eragin eta gorritu egiten dute, baina ilea ez da erortzen normalean.

Zer egin dezaket kimioterapia jasotzen ari naizen bitartean nire burua zaintzeko?

Garrantzitsua da tratamendua jasotzen ari zaren bitartean nutrizio egokia edukitzea. Osagarri espezifikoren bat behar baduzu, zure ardura duen medikuak preskribatuko dizu. Jarduera-mailak ere neurrizkoa behar du, gorputza behartu gabe.

Nola eragingo dio kimioterapiak nire familiari?

Jasotako tratamenduak ez dira toxikoak zure inguruko pertsonentzat, eta normalean organismoak jaso eta 48 ordutara deuseztatuko ditu; hortaz, zure familiak edo animaliek ez dute inolako efekturik nabarituko. Alabaina, oso komenigarria da aldi horretan gorputz-fluidoak (izerdia, gorakoak, eginkariak) kontu handiz tratatzea, haiek ukitu gabe, edo, ezinbestean ukitu beharrean bagaude, eskularruak erabiliz.

Kimioterapia jasotzen ari naiz. Bizimodu normala egin dezaket?

Jasotako tratamendu motaren eta zeharkako efektuen araberakoa izaten da hori neurri handi batean, eta efektu horiek asko alda daitezke pertsona batetik bestera. Zenbait pertsonak lanean edo ikasten jarrai dezakete kimioterapia-tratamendua jasotzen duten bitartean, baina batzuetan ordutegiak doitu egin behar izaten dira edota lanaldia murriztu, beharrezko atsedenaldiak edukitzeko. Jaso beharreko tratamenduaren arabera, litekeena da egun batzuk ospitalean eman behar izatea tratamendua jasotzen duzun bitartean.

Zer jarraipen-zaintza behar dut?

Aparatu digestiboko minbizi mota bakoitzak bere jarraipen-neurri estandarizatuak ditu. Normalean, azterketetan kontsulta kliniko bat egiten da, baita zenbait analitika eta irudi-proba ere, hala nola ekografiak, OTAk edo endoskopiak. Oro har, 3-6 hilabetean behin egiten dira, gutxienez 5 urtez jarraian.

Parte hartu behar al dut saiakuntza kliniko batean?

Saiakuntza klinikoak ikerketa medikoko azterketak dira, eta borondatezko pazienteekin egiten dira. Azterketa bakoitza galdera zientifiko jakin batzuei erantzuteko prestatu da, bai eta minbizia edo zeharkako efektuak detektatzeko, prebenitzeko eta tratatzeko modu berriak aurkitzeko ere. Askatasun osoa izango duzu saiakuntza kliniko batean parte hartu nahi duzun edo ez erabakitzeko. Askotan oso komenigarria izaten da saiakuntzetan parte hartzea, jarduera solidarioak direlako (saiakuntza klinikoaren emaitzak onuragarriak izango dira etorkizuneko paziente askorentzat) eta gainera tratamendu berritzaileak jasotzeko aukera eskaintzen dutelako.

Nola ematen da erradioterapia?

Erradioterapia emateko modua kasuaren ardura duen erradioterapeutak diseinatutako tratamenduaren plangintzaren araberakoa izango da. Pertsona gehienek kanpoko erradioterapia jasotzen dute hainbat astetan. Saioak era anbulatorioan egiten dira, tratamendu-zentro edo ospitale batean. Halaber, hain maiz erabiltzen ez diren beste teknika batzuk ere badaude, hala nola operazio batean eta dosi bakarrean ematen den operazio-barneko erradioterapia.

Zein dira erradioterapiaren zeharkako efektuak?

Erradioterapia jasotzen duen jende askok larruazal-aldaketak izaten ditu eta nekea sentitzen du. Erradioterapiak tratamendu-eremuko larruazaleko zelula osasuntsuak kaltetzen dituelako gertatzen dira aldaketak larruazalean. Aldaketa horien artean, honako hauek aipa daitezke: lehortasuna, azkura edo babak. Erradioterapiaren aldian, kontu berezia izan beharko duzu larruazalarekin. Ez izan zalantzarik, eta egin kontsulta arloko espezialistei. Tratamendua jasotzen duen gorputz-atalaren arabera, baliteke beherakoa, ile-galera, goragaleak edo gorakoak, sexu-aldaketak, gernu-aldaketak edo erradiazioa jasotzen duen eremuaren hantura agertzea. Erradioterapia amaitu ondoren, zeharkako efektu horietako gehienak 2 hilabetean edo aldi laburrago batean desagertu ohi dira.

Erradioterapiak ba al du epe luzeko efekturik?

Erradiazioa jaso duen gorputzaren atalak erradiazioaren “memoria” gordetzen du bizitza osoan. Zenbaitetan, aldaketak gertatzen dira tratamendua amaitu eta hainbat hilabete edo urtetara. Aparatu digestiboko minbizien erradioterapian, honako efektu hauek ager daitezke epe luzera: aldaketak artikulazioetan, hantura zangoetan (likido linfatikoa metatzearen ondorioz) eta, zenbaitetan, elikagai jakin batzuekin arazoak sortzen dituzten eta beherakoa eragiten duten aldaketak hesteetan.

Normal bizi al naiteke erradioterapia hartzen dudan aldian?

Hartutako tratamendu motak eta zeharkako efektuek zerikusi handia dute horrekin, efektu horiek oso desberdinak izan baitaitezke pertsona batengan eta bestearengan. Pertsona batzuek lan egiten edo ikasten jarrai dezakete erradioterapiaren tratamendua hartzen duten aldian, baina zenbaitetan beharrezkoa izaten da ordutegiak doitzea edo lanaldia murriztea, beharrezkoak diren atsedenaldiak izateko.

Anestesia orokorra behar al da?

Kirurgia bidezko tratamendu-prozedura gehienak anestesia orokorrarekin egiten dira. Zenbaitetan, kirurgia-prozedura arinagoak behar izaten dira, hala nola biopsia bat hartzea edo kimioterapia emateko erreserborio bat jartzea. Prozedura horiek, oro har, anestesia lokalarekin eta/edo sedazioarekin egiten dira.

Zenbat denbora eman behar dut ospitalean osatu arte? Eta etxera itzultzean, zenbat denbora beharko dut normal bizitzen hasteko?

Prozedurak eta gaixo bakoitzaren errekuperazio-erritmoak hartu behar dira kontuan. Aparatu digestiboko minbiziaren kirurgian, normalean astebetetik hamar egunera bitarte eman behar izaten dira ospitalean. Etxera itzultzean, berriz, bi hilabete inguru behar izaten dira bizitza guztiz aktiboa egin arte.

Zer nutrizio-aldaketa dakartza urdaileko operazio batek?

Erauzi beharreko urdail kantitatearekin du zerikusia horrek:

  • Urdail osoa erauzi behar denean, pazienteak pisua galtzen du, eta maiz jan behar du, jaten duen bakoitzean kantitate gutxi janda, baina denetik jan dezake. B12 bitamina hartu behar izaten da, eta, horretarako, injekzio bat jartzen da hilean behin. Paziente batzuei burdina ere eman behar izaten zaie.
  • Urdailaren zati bat baino erauzi behar ez denean, pisu gutxiago galtzen da (batzuetan ez da galtzen), eta gero eta elikagai kantitate handiagoak jan daitezke. Pertsona batzuek ez dute esnea onartzen horrelako operazio baten ondoren.

Koloneko operazio baten kasuan, poltsa eraman behar al dut?

Koloneko operazioetan, poltsa ez da beharrezkoa izaten, beste operazio bat egitea eragiten duten konplikazioak agertzen direnean izan ezik. Ondesteko operazioetan (hots, uzkitik hurbilen dagoen heste lodiaren amaierako zatiko operazioetan), askotan beharrezkoa izaten da hilabete batzuetan poltsa eramatea, hesteko josturak orbaindu arte. Ondesteko minbizia uzkitik oso hurbil edo uzkian bertan dagoenean, poltsa betiko behar izaten da.

Poltsak behin-betikoak izaten dira beti, ala kendu egin daitezke?

Poltsa gehienak aldi baterako jartzen dira, hesteetako josturak orbaintzen diren bitartean. Orbaindu ondoren, beste operazio txiki bat egiten da, hestearen jarraitutasuna berregiteko eta poltsa kentzeko. Tumorea uzkitik hurbil edo uzkian bertan dagoelako uzkia erauzi behar denean, poltsak behin-betiko jartzen dira.

Nolako eragina du poltsak nire bizi-kalitatean? Zer jarduera ezin izango ditut egin?

Lehenik eta behin, poltsa erabiltzen ikasi behar da. Ez da zaila, eta langile espezializatuen laguntza izango duzu horretarako. Langile horiek zeuk bakarrik, zeure kasa, erabiltzen ikasten duzun arte lagunduko dizute. Poltsa mota batzuekin (hala nola ileostomiekin), elikadurak zorrotzagoa izan behar du, gorputz-likidoak hobeto kontrolatzeko batez ere; poltsak kolonekoak direnean (kolostomiak), dieta normala izaten da. Jarduerei dagokienez (eguneroko bizitza, gizarte-harremanak, kirola, sexu-bizitza eta abar), poltsa ez da eragozpen horiek guztiak egiteko.

Beharrezkoa izan al daiteke operazio bat baino gehiago?

Minbizi motaren eta kokapenaren arabera, beharrezkoa izan daiteke operazio bat baino gehiago. Galdetu zure kirurgialariari zer urrats egin behar diren zure aparatu digestiboko minbizi motarako beharrezkoa den tratamenduan.

Zenbatean behin egin behar dut azterketa?

Aparatu digestiboko tumoreetan, oro har, tratamendua amaitu eta hiru hilean behin egiten da azterketa lehen urte eta erdian, eta sei hilean behin ondoren. Tratamendua indibidualizatua denez gero, maiztasun hori desberdina izan daiteke tratatutako minbizi motaren arabera.

Zer proba egin behar dira azterketetan?

Azterketetan, honako hauek egiten dira: kontsulta medikoa, odol-analisia tumore-markadoreak aztertzeko, eta irudi-probak, hala nola erradiografiak, ekografiak, ordenagailu bidezko tomografia axiala (OTA), positroien igorpen bidezko tomografia (PET-OTA) eta endoskopiak, urdailekoak (gastroskopiak) zein kolona ebaluatzekoak (kolonoskopiak). Proba guztiak ez dira batera egiten, tumore mota eta jarraipenaren unea kontuan hartuta baizik.

Nire senideek ere azterketa egin behar al dute?

Aparatu digestiboko minbizi mota batzuek (hala nola urdaileko minbiziak eta koloneko eta ondesteko minbiziak) familia-erlazioa dute, eta senideek arrisku handiagoa izan dezakete minbizi mota hori izateko. Horregatik, senideek ere azterketa egin behar dute.

Zenbateko iraupena du jarraipenak?

Jarraipenak bost urteko iraupena du gutxienez. Minbizi mota batzuetan (ondesteko minbizian, adibidez), zortzi edo hamar urtekoa ere izan daiteke.