Bularreko Unitatea

Sarrera

Zer da minbizia?

Portaera kliniko eta ebolutibo desberdinak baina ezaugarri komunak dituzten gaixotasunen multzo bat da.
Minbizi guztiak zeluletan hasten dira, hau da, organismoaren oinarrizko bizi-unitateetan. Duten hazkundean edo zatiketan modu kontrolatu gabean aldatzen direnean, masa edo tumore bat garatzen dute. Fenomeno hori non gertatzen den kontuan izanda, minbizi hori izan daiteke: bularrekoa, kolonekoa, prostatakoa, birikakoa, eta abar.
Gerta liteke masa-efekturik ez egotea, adibidez odoleko edo linfa-sistemako minbizia: Leuzemiak, Linfomak, Mielomak, eta abar.
Minbizi batek organismoaren beste lokalizazio batzuk inbaditzeko ahalmena du, hasierako fokuaren aldameneko edota urruneko egiturak: metastasia.
Ohikoena ez den arren, pertsona berak bi tumore desberdin edo gehiago izan ditzake.
Minbizien ehuneko txiki bat hereditariotzat jotzen da.

Diagnostiko eta Tratamendu Unitateen komenigarritasuna

Minbizia oso gaixotasun konplexua denez, azterketa, diagnostiko eta tratamendu egokiak egiteko espezialitate desberdinetako mediku eta erizainen konplizitatea behar du, baita pazienteari eta familiari babesa emateko unitateak ere.

Zer egiten du Diagnostiko eta Tratamendu Unitate batek?

Ospitalera iristen diren minbizi espezifiko baten paziente berri guztiak aztertzen dituen espezialista-talde bat da. Astero biltzen da, eta kasu bakoitzerako egokiena den estrategia diagnostiko eta terapeutikoa planifikatzen du.
Gainera, tratamendu desberdinak planifikatzen ditu: kirurgikoa, kimioterapikoa, erradioterapikoa, eta abar, ahalik eta modurik azkarrenean.
Bestalde, bigarren iritzia eskatzeko kontsulta batetik datozen minbizi mota horren kasuak aztertzen eta informatzen ditu, eta eskaera egin duten pertsonekin elkarrizketa egiten du.
Protokolo terapeutikoa aldizka berrikusten eta eguneratzen du, eta tumore motari lotutako aktualitateko gaiak azaltzen ditu.

Deskribapena eta minbizi motak

Munduan, emakumeek izaten dituzten minbizien artean, bularreko minbizia da ohikoena (kasuen % 23). Gure erkidegoan, minbizi mota horren eragina gero eta handiagoa da. Izan ere, 100.000 emakumeko 65 kasu zeuden 1986an, eta 87 kasu 2006an. Heriotza-tasak, aldiz, nabarmen egin du behera (100.000 emakumeko 26 heriotza 1992an eta 17 heriotza 2008an); hortaz, biziraupen handiagoa lortu da aurrerapen terapeutikoei eta aurrerapen diagnostikoari esker. Diagnostikoa egin eta 5 urtera bizirik daudenen proportzioak ia 20 puntutan egin du gora. Zehazki, % 68 ziren 1986-1989 aldian, eta % 87 2000-2004 aldian (“Minbizia Euskadin, Osasun eta Kontsumo Saila, Vitoria-Gasteiz 2010”).

Teknika diagnostiko ez-interbentzionistak

Mamografia

Bularreko patologia aztertzeko gehien eskatzen den miaketa da.

Funtsezkoa da bularreko minbiziaren detekzio goiztiarreko programetan.

Alde biko mamografia egiten da proiekzio bikoitzean (zeihar-ertain-albokoa eta garezurreko kaudala).

Ekografia

Funtsezkoa da emakume gazteen eta titi dentsoen kasuan.
Mamografiaren osagarri gisa erabiltzen da (noduluen, dentsitate asimetrikoen eta dentsitate handiko eremuen ebaluazioa).

Erresonantzia magnetikoak

Indikazioak:

  • Operazioaren aurreko estadifikazioa bularreko minbizian (luzapen-diagnostikoa).
  •  Kimioterapia lagungarri bidezko tratamenduari emandako erantzunaren ebaluazioa.
  • Arrisku handiko pazienteen bahetzea (familia-faktore hereditarioak, BRCA 1/2 motako mutazio genetikoak).
  • Tumore-berreritzearen diagnostikoa.
  • Aukeratzeko teknika bular-protesiak ebaluatzean.
  • Erabakigarriak ez diren aurkikuntzen ezaugarriak metodo konbentzionaletan (mamografia, ekografia).

Teknika diagnostiko interbentzionistak

Teknikarik fidagarriena erabiliko da beti, baina agresibitate eta kostu txikiagoarekin. Ondoren, korrelazio anatomiko-patologikoa ezartzen da:

Orratz finarekin egindako ziztada (OFZA)

Oro har, ekografia bidez gidatzen da. Berrespen zitologikorako ezaugarri onberak dituzten irudietan da baliagarria (kisteen edo fibroadenomen kasuan).

Orratz lodiarekin egindako biopsia (OLB)

Ekografia bidez edo estereotaxia-teknika bidez gidatua, lesio susmagarrien diagnostiko histologikoa egiteko edo gaiztotasuna baztertzeko.

Hustasun bidez lagundutako biopsia (HLB)

Gaur egun, SUROS sistemarekin egiten da, 9 GA -12 GAko kalibreekin, estereotaxia edo erresonantzia magnetiko bidez gidatuta.

Indikazioak: mikrokaltzifikazioak, dentsitate asimetrikoak, ekografia bidez ikusi ezin diren noduluak eta ekografia bidez ikusi gabeko kaptazioak erresonantzia magnetiko nuklearrean.

Kirurgia aurreko markaketa

Haztatu ezin diren lesioen markaketa giden (arpoien) bidez, kirurgia-zerbitzuen lana errazteko.

Markaketa metalikoak ipintzea

  • Kimioterapia neolagungarriaren aurretik (tumore-eremuen kokapena errazteko, tratamendu farmakologikoaren ondoren).
  • Biopsiaren xede izan diren eremuen markaketa (orratz lodiarekin egindako biopsiaren edo hustasun bidez lagundutako biopsiaren ondoren)
  • Erresonantzia magnetikoko kaptazio-eremuen markaketa.

Gongoil zentinelaren (GZ) detekzioa eta biopsia

  • Gongoil  linfatikoen egoera nolakoa den jakitea du helburu. Era horretan, gongoil zentinela negatiboa izanez gero, besapeko gainerako gongoilak ez dira erauzi behar.
  • Medikuntza Nuklearreko (MN), Erradiodiagnostikoko (Rx), Kirurgiako eta Anatomia Patologikoko (AP) espezialistek esku hartzen dute, behar bezala koordinatuta.
  • Isotopo erradioaktibo bat injektatzen da tumoretik hurbil, eta linfa-basoetatik emigratzen du gongoil zentinelara iritsi arte.
  • Kirurgiaren aurretik, gammagrafia bat egiten da medikuntza nuklearrean, gongoil zentinelaren kokapena identifikatzeko eta larruazalean markatzeko.
  • Operazio-gelan, kirurgialariak gongoil zentinela erauzten du erradiazio-detektagailu bat baliatuta.
  • Gongoil zentinela anatomia patologikora bidaltzen da, bertan azter dezaten.
  • Gongoil zentinela negatiboa bada, edota 3 gongoil zentinela detektatu ondoren bat negatiboa bada, ez da besapeko gongoilen hustuketa egiten.

ROLL teknika

Haztatu ezin den lesio bat eta gongoil zentinela aurkitzean datza. Horretarako, isotopo erradioaktibo bat injektatzen da tumorearen barruan, mamografia edo ekografia baten bidez gidatuta.

Gammagrafia bat egiten da kirurgiaren aurretik.

Operazio-gelan, kirurgialariak, erradiazio-detektagailuak gidatuta, tumorea eta gongoil zentinela erauzten ditu, eta anatomia patologikoko zerbitzuan aztertzen dira.

Azterketa anatomiko-patologikoa

Azterketa mikroskopikoan oinarrituta dago, eta funtsezko oinarria da bularreko minbizia eta bularreko beste lesio batzuk diagnostikatzeko. Gainera, balio pronostikoa ematen dio gaixotasunari, eta funtsezko zeregina betetzen du kimioterapia-tratamenduei emango zaien erantzunaren iragarpenean.

Zitologia

  • Oinarrizko tindaketak Papanicolaou eta Giemsa bidez: tindaketa immunozitokimikoa AE1-AE3 zitokeratinarekin, gongoil linfatiko batean epitelio-zelularitatea ikusteko.
  • OFZA: kisteetan eta besapeko adenopatietan erradiologikoki onberak diren nodulu-lesioen diagnostikoak egiteko.
  • Bularreko jarioak.
  • Inpronta zitologikoa operazio barneko ekintzetan.

Biopsia

Finkapen bat egiten da formoletan, parafinan sartzen da, eta hematoxilina-eosinarekin tindatzen da.
Bularreko mikrobiopsiak diagnostikoa egiteko; tratamenduen aurretik edo ondoren egiten dira, tumorearen egoera balioesteko.
Kirurgikoak; kirurgian erauzitakoari egiten zaizkio. Tumorearen behin-betiko txostenean, mota histologikoa, tumorearen tamaina, gradu histologikoa eta marjina kirurgikoen egoera jasotzen dira.

Operazio barnekoak; lagina izoztu egiten da eta ebaki izoztuak egiten dira, hematoxilinarekin tindatzeko. Tumorearen tamaina neurtu, marjina kirurgikoen egoera balioetsi, eta laginak hartzen dira, Tumoreen Bankuan kontserbatzeko.

Besapeko gongoil zentinela; bitarteko zitologikoen eta OSNA sistemaren bidez balioesten da. Sistema horrek gongoilean dagoen CK19 zitokeratinaren mRNA kantitatea finkatzen du, eta, era horretan, tumoreak kaltetu duen ala ez ezartzen du.

Tumore-markadoreak, bitarteko immunhistokimikoen bidez, estrogenoen eta progesteronaren hartzaileentzat (Her2, Ki67 tumorearen proliferazio-jarduera balioesteko, E-kadherina mota histologikoa hobeto definitzeko –duktala eta lobulillarra–, eta CK19 gongoil zentinelaren OSNA bidezko azterketan sartzea onartzeko). Tumoreak hartzaile hormonal negatiboak badira eta her2a ere negatiboa bada, CK5/6 zitokeratina basala, EGFR eta androgenoen hartzaileak aztertzen ditugu. Her2aren zalantzazko kasuetan, in situ hibridazioa egiten da fluoreszentzia (FISH) bidez, HER2 genea handiagotuta dagoen ala ez finkatzeko (hori beharrezkoa da terapia egokia jasotzeko).

Genetika – Biologia molekularra

Bularreko/obulutegiko minbizi familiarra BRCA1 (MIM*113705) eta BRCA2 (MIM*600185) geneetan gertatzen diren mutazio germinalen ondorioz agertzen da nagusiki. Izan ere, mutazio horiek gaixotasun hori izateko suszeptibilitate handia dakarte. Milaka aldaketa puntual deskribatu dira bi gene horietan, hala nola gaixotasunari lotutako efektu deletereoko mutazioak, funtzio ezezaguneko aldaerak (sailkatu gabeko aldaerak) eta garrantzi klinikorik gabeko aldaera genetiko neutroak.
BRCA1 eta BRCA2 geneen azterketa genetikoa DNAren sekuentziazioan oinarrituta dago (diagnostiko genetikoaren gold standard teknika).
Sekuentziazioaren bidez, mutazio puntualak aztertzen dira alde kodifikatzaileetan eta bi geneen splicing-lekuetan.
Emaitza negatiboa bada, ezabaketa eta bikoizketa handiei buruzko azterketa egiten da MLPA (Multiplex Ligation- dependet Probe Amplification) teknikaren bidez.

Tratamendu kirurgikoa

Pazienteen % 90-95ek baino gehiagok interbentzio kirurgikoaren aurretik ziurtasun-diagnostiko bat izatea lortu nahi da.
Tratamendu kirurgikoan, kasu gehienetan bularra eta besapea kontserbatzeko tratamendu bat egiten saiatzean datza planteamendua. Hori ezinezkoa bada, tratamendu mediko bat planteatzen da (kimioterapia edo hormonoterapia neolagungarria), erantzunaren arabera kontserbazio-tratamendu bat egiteko.

Kontserbazio-tratamendua

Tumorea dagoen bularreko segmentua erauztean eta guruinaren gainerako zatia kontserbatzean datza.
Diagnostikatzen diren lesio gehienak haztatu ezin direnez gero, markaketa-arpoiak ipintzen dira edota gongoil zentinela detektatzeko ere balio duen isotopo erradioaktibo bat (ROLL) lesioak non dauden jakiteko.

Mastektomia

Ugatz-guruin osoa erauztean datza.
Gaixotasuna tratatzeko mastektomia bat egin behar izanez gero, berehalako berregitea egiteko aukera eskaintzen zaie paziente guztiei. Oro har, protesi espantsoreak erabiltzen dira, baina, kasu berezietan, muskulu-zintzilikarioak erabiltzen dituzten beste teknika batzuk ere balioesten dira.

Tratamendu medikoak

Tratamendu mediko pertsonalizatuak aplikatzen ditugu, eta kimioterapia, hormonoterapia edo Her2aren aurkako terapiak erabiltzen ditugu horretarako. Azterketa patologikoetan tumore-zelulek agertzen duten portaeraren arabera bideratzen diren terapiak dira. (Hartzaile estrogenikoak eta progesterona-hartzaileak, Her2 proteina, Ki 67).
Paziente askoren kasuan, eta gero eta maizago gainera, diagnostikoaren berri izan ondoren hasten da terapia horietan oinarritutako tratamendua (Tratamendu Neolagungarria), eta hori aplikatu ondoren egiten da kirurgia-tratamendurik egokiena. Era horretan, tumoreak tratamenduari nola erantzun dion jakin daiteke, eta gaixotasunaren pronostikoa hobeto zehatz daiteke.
Tumore handien kasuan, kirurgia agresiboak saihestu eta, kasu gehienetan, bularra kontserba daiteke tratamendu neolagungarriari esker.
Bestalde, hasierako jarduna tumorearen kirurgia izan bada, terapia kirurgiaren osagarri gisa aplikatzen da, tratamenduaren pertsonalizazio-irizpide berei jarraiki (Tratamendu lagungarria).
Gaur egun, tratamendu batzuk neurri handiagoan pertsonalizatzeko aukera emango diguten test genetikoak ere planteatzen dira.

Erradioterapia

Erradiazio ionizatzaileen (hots, fotoien eta elektroien energia desberdinetako uhin elektromagnetikoen) erabileran oinarritutako tratamendu-modalitate bat da, eta tumorean edo tumore-gaixotasun mikroskopikoa izateko arriskua duten eremuetan zelula-efektu bat edo zelula-kalte bat eragitea du helburu. Erradioterapia-tratamenduek funtsezko zeregina betetzen dute tumoreen kontrol lokalean eta erregionalean. Tratamendu bakoitza paziente bakoitzarentzat diseinatu, planifikatu eta kalkulatzen da, eta 3Dko kalkuluak egiten dira. Horretarako, pazientearen beraren irudiak (OTA eta erresonantzia magnetikoa) bidaltzen dira plangintza-sistema informatikoetara, eta irudi horietan mugatzen eta marrazten dira irradiatu beharreko eremuak, baita organo osasuntsuak direlako babestu beharreko eremuak ere.
Hainbat erradioterapia-teknika ditugu, eta paziente bakoitzaren ezaugarrien arabera erabiltzen eta konbinatzen ditugu.

Kanpoko erradioterapia

Pazientearengandik urrun eta kanpoan dauden erradiazio-ekipoetan (azeleragailu linealetan) sortutako erradiazio ionizatzaile sortak erabiltzen dira. Normalean, eguneroko tratamendu-saioak ematen dira hainbat astetan. Kanpoko erradioterapiako hainbat sistema erabiltzen ditugu.

  • Kanpoko hiru dimentsioko erradioterapia konformatua (RT3D): bularra irradiatzeko gehien erabiltzen den metodoa da. Irradiatu beharreko bular-ehuna zehatz-mehatz kokatzeko eta hurbileko organo osasuntsuak babesteko aukera ematen du.
  • Intentsitate modulatuko erradioterapia (IMRT) oso tratamendu sofistikatua da, azken belaunaldikoa. Bularrean, kasu berezietan erabiltzen dugu.
  • Tomoterapia: tomoterapia irudi bidez gidatutako erradioterapiaren (IGRT) barruko teknika berri bat da, eta ordenagailu bidezko tomografia axialaren (OTA) bidez irudiak lortzeko sistema bat eta pazientearen inguruan 360 graduko bira egiten duen azeleragailu lineal bat konbinatzen ditu ekipo berean. Bularreko minbiziaren tratamenduetan, salbuespen gisa erabiltzen dugu, irradiatu beharreko eremuak oso handiak direnean.

Brakiterapia

Barneko erradiazioaren edo brakiterapiaren kasuan, iturri erradioaktibo txiki batzuek sortzen dute erradiazioa. Iturri erradioaktibo horiek tumorean edo kaltetutako ehunean sartzen dira, eta barrutik askatzen dute erradiazioa. Bularreko minbiziaren kasuan, dosi-tasa altuko brakiterapia interstiziala erabiltzen dugu. Bular-ehunaren barruan, iturri erradioaktiboa duen aparatu bati konektatzen zaizkion orratz edo hodi plastiko batzuk ipintzen ditugu.
Teknika hori bularraren ohantze kirurgikoan dosia handitzeko erabiltzen dugu saio batean edo bitan, eta osasuntsu dagoen bular-ehunaren gainerako zatia babesten dugu neurri handi batean.

Bularraren irradiazio partziala

Oso saio gutxitan bularraren bolumen partzial bat tratatzean datza (ohantze kirurgikoa, segurantza-marjina batekin). Tratamendua 5-6 astetan egin ordez, 5 egunetan egin daiteke. Aukera ez-estandarra da, eta oso pronostiko ona duten tumore goiztiarrak dituzten pazienteentzat da egokia. Hainbat teknika daude irradiazio partziala egiteko. Gure zentroak esperientzia luzea du brakiterapian, eta protokolo bat jarri du abian brakiterapia interstizial multikateterrarekin.

Prozedura hori anestesia-sedaziopean egiten da. Tratamendua anbulatorioa izan daiteke.

Bularra berregitea

Mastektomiak dituen ondorio fisikoak zein psikikoak arintzea du helburu. Horretarako, ahalik eta bularrik naturalena berregiten saiatzen gara, areola eta titiburua barne.
Mastektomiaren aldi berean edota denbora bat igaro ondoren egin daiteke (edo hasi, gutxienez), erradioterapia-tratamendu osagarriaren beharraren arabera.
Berregiteko teknikak honela sailka daitezke nagusiki: silikonazko inplanteak erabiltzen dituztenak, pazientearen ehunak erabiltzen dituztenak, eta pazientearen ehunak eta silikonazko protesiak erabiltzen dituztenak. Denek dituzte alde onak eta txarrak. Hori dela-eta, berregiteko metodorik egokiena zein den erabakitzen laguntzen dugu kontsultan.
Halaber, bularraren erresekzio partzial baten ondorioak arintzen lagun dezaketen teknika kirurgikoei buruzko informazioa ematen dugu.

Euskarri psikologikoa

Bularreko minbiziaren diagnostikoak eta tratamenduak eragin emozional handia dute gaixoarengan eta haren ingurunean.
Une horretatik aurrera, psikologiaren arloko erantzuna ematen da, efektu psikologikoak arintzeko asmoz.
Diagnostikoaren aurrean eman beharreko erantzunak desberdinak izan daitezke, eta oinarrizko nortasunaren eta kasu bakoitzean agertzen diren kontingentzien araberakoak dira. Sentitzen den bakardade, larritasun eta zalantzarekin batera, hainbat sintoma ager daitezke.
Hori dela-eta, interbentzio psikologikoa diagnostikoaren hasieratik proposatzen da. Horren bidez, gaixotasunaren prozesuari eta tratamenduari aurre egiteko eta, era horretan, bizitza normalizatzeko baliabideak eskaini nahi dira. Horretarako, kasu bakoitzean beharrezkoa den euskarri psikologikoa ematen da.

Erizainen laguntza

Bularreko Unitateko erizainen lana bularreko minbizia duten pazienteei laguntza ematea da, Kanpo Kontsulten arloan zein Erradiodiagnostiko Zerbitzuan.
Bestalde, proben emaitzak, txostenak eta geratzen diren hitzorduei buruzko datuak biltzeko funtzioa betetzen dute, Unitateko kideei pazientearen egoerari buruzko ahalik eta informazio gehien emateko.

Fisioterapia

Bularreko kirurgia erradikal batean (besapearen hustuketa barne), fisioterapia-arloan jarduteko plana honako hau da:

  • Gorputz-adarren minik gabeko eguneko mobilizazio aktibo goiztiarrak erakusten dira (kirurgia ondoko 24-48 orduetan egin beharrekoak).
  • Besoaren mugimendu osoa berrezartzen da, eta, era horretan, uzkurdurak saihesten dira.
  • Horren bidez, mugimenduari beldurrik ez izaten laguntzen dugu. Eta gaixoak bere buruarekiko segurtasuna berreskuratzen du.
  • Pazienteei eta senideei betiko diren prebentzio-zainketen garrantziaren berri ematen diegu, besoko linfedema ahal den heinean saihesteko.
  • Aholkuak ematen ditugu ospitaleko altaren unean, hala nola bularretako egokia jartzea, lehen aldiko bular-protesia jartzea (beharrezkoa izanez gero), eta eguneroko bizitzako jarduerak behar bezala egitea.
  • Eskuzko autodrainatze linfatikoa egiteko eta, behar izanez gero, profesional espezializatu baten jarraipenerako jarraibideak azaltzen ditugu.

Jarraipena

Ginekologia Zerbitzuan, tratamendu-prozesua (kirurgia, erradioterapiarekin edo gabe, eta hormonoterapiarekin edo gabe) amaitu duten eta gaixotasuna gainditu duten pazienteen jarraipena egiten da. Onkologikoan, honako hauek sartzen dira protokoloan:

In situ kartzinoma:

  • Azterketa fisikoa eta mamografia sei hilean behin lehen urtean, eta urtean behin ondoren.
  • Urteko azterketa ginekologikoa hormonoterapia (tamoxifenoa) duen tratamendu bat egiten ari diren pazienteen kasuan.

Kartzinoma infiltratzailea:

  • Azterketa fisikoa urtean bitan lehen urtean, eta urtean behin ondoren.
  • Mamografia sei hilean behin lehen urtean, eta urtean behin ondoren.
  • Toraxeko plaka eta urteko analisiak.
  • Urteko azterketa ginekologikoa hormonoterapiapean dauden pazienteen kasuan.

Gaur egun, tratamendu batzuk neurri handiagoan pertsonalizatzeko aukera emango diguten test genetikoak ere planteatzen dira.

Bularreko Minbizia Goiz Detektatzeko Programa (BMGDP)

50-59 urteko sintomarik gabeko emakumeei eta arrisku-faktore bat (lehen mailako familia-aurrekariak –gurasoak, anai-arrebak, seme-alabak–) identifikatu ondoren programan sartu diren 40-49 urteko emakumeei zuzenduta dago.

Proiekzio bikoitzeko mamografia egiten da aldizka (bi urtean behin).

Aholkuak

Prebentzio-neurri gisa, ariketa fisikoa egitea, obesitatea saihestea, alkohol gutxiago edatea, aldizkako azterketak egitea eta detekzio goiztiarreko programetan parte hartzea (mamografiarekin) aholkatzen da.

 

Consulta de Consejo Genético

La mayoría de los casos de cáncer de mama y ovario son considerados esporádicos, sólo un pequeño porcentaje son producidos por mutaciones en unos genes concretos.

En la consulta de consejo genético se seleccionan estas familias con predisposición genética. Se les ofrece la realización del estudio genético mediante la técnica de secuenciación de los genes BRCA1 y BRCA2, estudiando posteriormente a más familiares en riesgo, todo ello con la intención de aplicar medidas de prevención recomendadas para estas mujeres de alto riesgo.

Bularrean edozein anomalia agertuz gero (koskor bat, jarioa, larruazalaren uzkurdura, deformazioa, gorriuneak, hantura eta abar), eta anomalia horiekin minik ez dagoenean batez ere, medikuarengana joan behar da.

Kasu horietan, azterketa kliniko zorrotza egiten da, eta mamografiak eta ekografiak eskatzen dira. Ondoren, ziztada gidatu bat egiten da. Batzuetan zitologikoa da (likido-kisteen kasuan, adibidez), eta beste batzuetan, berriz, biopsikoa (lesio mota zehatz-mehatz diagnostikatzeko).

Mamografiaren eta/edo ekografiaren bidez nodulurik edo koskorrik ez identifikatzeak ez du esan nahi patologiarik ez dagoenik, eta beharrezkoa da ziztada bidez diagnostiko kliniko bat egitea, ziurtatzeko.

Ondoren, diagnostikoa edukitzean, bidezko tratamendua zein den balioesten da.

Koskorra onbera bada, normalean ez da erauzi behar izaten.

​Koskorra gaiztoa bada, berriz, proba sorta bat jartzen da abian. Besteak beste, erresonantzia magnetikoa egiten da, eta, horren ondoren, kasu bakoitzerako tratamendurik bidezkoena zein den planteatuko da, kasua Bularreko Unitatean aztertu ondoren.

Ez al da hobe bular osoa kentzea hobeto sendatzeko?

Duela 25 urte baino gehiago frogatuta geratu zen kirurgia + erradioterapiarekin lortzen diren biziraupen-zifrak mastektomiarekin lortzen direnen antzekoak direla. Beraz, dena kentzeak ez du hobeto sendatzen.

Hereditarioa al da minbizia?

Kasuen % 10etan baino ez. Kasu gehienetan, diagnostikatzen diren pazienteek ez dute familia-aurrekaririk izaten.

Arrisku handiagoa al dut minbizia duen senide bat izateagatik?

Ez, nagusiki bularreko eta obulutegiko minbizia duten zuzeneko 3 edo 4 senide baino gehiagoko familien kasuan baino ez da gertatzen hori. Hain zuzen ere, familia horietan komeni da azterketa genetiko bat egitea, alterazioak dituen generen bat (BRCA 1-2, …) ote dagoen zehazteko.

Nire alabei transmiti al diezaieket?

Ez, minbizi-kasu asko dituen familia batekoa ez bazara eta generen baten (BRCA 1-2,..) alterazioak detektatu ez badira behintzat.

Zer da gongoil zentinela?

Besapearen gainerakoa nola egon daitekeen esaten duena da.

Noiz jakiten da nola dagoen gongoil zentinela?

Kirurgiaren ondoren. Gammagrafiarekin non dagoen baino ez dugu jakiten.

Nolako arriskuak ditut bularra berregitea erabakitzen badut?

Beste edozein kirurgia motarekin bezalaxe, zenbait arazo ager daitezke, hala nola odoljarioa, hematoma, infekzioa eta abar, eta, zenbaitetan, beharrezkoa izaten da tratamendua edo kirurgia gehigarria. Hala ere, eragina txikia denez gero, berregiteak pazienteari dakarkion onura arriskua baino handiagoa da.

Berregiteak eragina izan al dezake bularreko minbiziaren aurkako tratamenduaren arrakastan?

Mastektomiaren ondoren erradioterapia eman behar bada, berregitea atzeratu egingo da erradioterapia amaitu arte.

Berregiteak alterazioak eragin al ditzake gaixotasunaren kontrolean?

Ez. Eragina izango luke kontrola mamografiarekin, erresonantziarekin, ekografiekin eta abar egingo balitz, baina haztapen bidez baino ez da egiten.

Espainiako Senologia Elkarteak 1992an kreditatutako unitatea.
2002az geroztik Kalitatea Kudeatzeko Sistema bat ezarrita duen unitatea.